Udalak askaldegia eraikiko du Artadi auzoan
Lehengo eskola zaharraren tokian eraikiko da azpiegitura berria eta 149,31 m²-ko azalera eraikiko da guztira.
Zumaiako Artadi auzoak topaleku berria izango du laster. Izan ere, Udalak merendero edo askaldegi bat eraikiko du auzoan, auzotarrei zein kanpotik bertaratutakoei zerbitzua eskaintzeko. Lehengo eskola zaharraren tokian eraikiko da azpiegitura berria. Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziaren arabera, "lehengo eraikina oso egoera txarrean dago, eta beraz, erautsi egingo da lehendabizi, ondoren, eskola zaharraren azalera berdinean askaldegi berria eraikitzeko".
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, “badira hilabete batzuk proiektu hau zehazterako garaian auzotarrekin bildu ginela. Zenbait gabezia azpimarratu zituzten Artadiko bizilagunek eta behar horiek asebetetzen saiatu gara azpiegitura berri honekin. Proiektua erakutsi genienean, auzotarrak ados agertu ziren”.
Azpiegitura berriaren kokalekua kontuan izanda, eraikin berria irekia izatea proposatu zuen Udalak. Bista oso ederrak daude hemendik, eta hori kontuan izanda, eraikinak funtzio bikoitza izango du: batetik, askaldegi gisa antolatuko da, eta bestetik, behatoki gisa ere erabili ahal izango da.
Eraikinaren antolamendua
Zumaiako Non Arkitektura estudioari esleitu dio Udalak eraikin berriaren proiektua idazteko lana, eta proiektuan jasota dagoenaren arabera, solairu bakarra izango du hasiera batean eraikinak. Bertan, otorduak egiteko mahai eta aulkiak jarriko dira, eta horrez gain, komunak egokituko dira. Auzoari falta zitzaizkion zenbait zerbitzu eskaintzea da asmoa. Aterpea eskainiko da batetik; bestetik, askaldegia; eta hirugarrenik, komun publikoak eta iturria izango dituzte auzotarrek.
Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziaren esanetan, “hasiera batean, modu horretan osatuko litzateke solairua. Aurrera begira, hala ere, aukera egongo litzateke eraikinaren azpialdeko hormigoizko kuboa, komunen euskarri lanak egiten dituen egitura alegia, beste zenbait funtziotarako egokitzeko”. Oraingoz, beheko egitura horri zer funtzio eman aztertzen ari da Udala.
Azpiegitura berriaren exekuzio lanekin batera, Udalak tratamendu berezia emango dio eremu honetan errepideari. “Artadiko plazatik eraikin honetarako konexioa hobetuko dugu, oinezkoei lehentasuna eskainiz”, azaldu du Etxanizek.
Udalak 180.000 euro bideratuko ditu askaldegiaren proiektua idatzi eta obra gauzatu ahal izateko.



