Udalak babesa adierazi nahi die Itzurungo hondartzan jarrera arrazistak jasan dituzten pertsonei

2026/06/25

Herritarrei jarrera arrazisten aurrean aktiboki erantzuteko eskatzearekin batera, halako egoerak prebenitzeko lanean jarraituko du Udalak aurrerantzean ere.

Zumaiako Udalak atzo Itzurungo hondartzan gertatutako jarrera arrazisten berri izan du. Halako jokabideek ez dute lekurik gure herrian, ezta gure bizikidetza ereduan ere. Zumaia herri irekia, anitza eta inklusiboa da, eta pertsona guztiek dute bertan bizitzeko eta espazio publikoak askatasunez eta segurtasunez erabiltzeko eskubidea.

Udalak bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die gertakari horien ondorioak jasan dituzten pertsonei, eta gogorarazi nahi du edozein diskriminazio edo arrazakeria adierazpen onartezina dela. Era berean, herritarrei dei egiten die errespetuan, berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako jarrerak sustatzen jarraitzeko, eta halako jokabideen aurrean jarrera aktiboa izateko. Guztion ardura da Zumaia pertsona guztientzat herri segurua, atsegina eta inklusiboa izaten jarraitzea.

Zumaiako Udalak gertatutakoa argitzeko ematen ari diren urratsen jarraipena egingo du, eta bere esku dauden neurriak aztertuko ditu horrelako egoerak prebenitzeko eta errespetua sustatzen jarraitzeko. Izan ere, hondartzek eta herriko gainerako espazio publikoek pertsona guztientzako leku seguru, ireki eta errespetuzkoak izan behar dute.