Udalak babesa adierazi nahi dio asteburuan irain arrazistak jaso zituen futbol jokalariari

2026/03/11

Zumaiako Futbol Taldeko jokalari batek irain arrazistak jaso zituen asteburuan Aita Mari futbol zelaian. Udalak bere babesa adierazi nahi izan dio jokalariari, erakundeei eta herritarrei jarrera arrazisten aurrean erantzuteko eskatzearekin batera.

Zumaiako Udalak bere babesa adierazi nahi dio asteburuan Aita Mari futbol zelaian irain arrazistak jaso zituen jokalariari. Halako jarrera arrazistak eta xenofoboak ez dira onargarriak, ez futbol zelaiaren barruan, ez kanpoan.

Kirola balioetan oinarritutako jarduera izan behar da: errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan. Herritar guztien duintasuna eta errespetua defendatzeko beharrezko konpromisoak hartzea ezinbestekoa da, eta instituzioek zein gizarte osoak irmo jardun behar dugu horrelako egoeren aurrean.

Udalak dei egiten die herritarrei, kirol klubei nahiz erakundeei errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak sustatzen jarraitzeko, eta edozein jarrera arrazista edo diskriminatzaileren aurrean aktiboki erantzuteko. Udalak lanean jarraituko du kirol eragileekin, elkarteekin eta herriko gainontzeko eragileekin elkarlanean, halako egoerak berriro gerta ez daitezen.