Udalak bidegorri berria margotu du Estazioa eta Gernika ibilbidearen artean

2010/07/26

Udaleko ordezkarien esanetan, “gaur egun Zumaiak hiru kilometroko bidegorri sarea du, eta beste hiru kilometroko ibilbidea daukagu proiektatuta”.

 

Zumaiako udalerrian bizikletan ibiltzea are erosoago egiteko bidean lanean ari da Udala. Era horretan, margotu berria da Gernika parkea eta Zumaiako estazioa lotzen dituen bidegorri berria. Oraingo exekuzioan 318 metro margotu dira eta ibilbide berria Gernika parketik estazioraino iristen da.

Bidegorrien sarea handitzen

“Mugi zerbitzua indartzeaz gain, herriko bidegorri sarea handitzen ari gara; gaur egun Zumaiak hiru kilometroko bidegorri sarea du eta beste hiru kilometroko ibilbidea daukagu proiektatuta datozen ekitaldietarako. Lan horiek amaitzen ditugunean sei kilometro izatera iritsiko gara”, azaldu du Udaleko Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi Andoni Etxanizek.