Udalak deituta, Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzean parte hartu dute hainbat herritarrek

2010/10/25

Udal gobernuak “kezka” agertu du joan den ostiralean hainbat herritan aurrera eramandako polizia operazioa dela-eta. Horren harira, mozioa aurkeztuko du udal gobernuak osteguneko plenoan.

 

70 lagunetik gora bildu zen larunbatean Udalbiltzari babesa adierazteko Eusebio Gurrutxaga plazan egin zen elkarretaratzean. Bilkuran ziren Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea eta Andoni Etxaniz alkateordea, beste hainbat zinegotzirekin batera.

Joan den uztailaren 29ko ohiko plenoan onartu zuten EAJk, Aralar-Alternatibak eta Pilar Etxabek, Udalbiltzaren alde Talde Mistoak eta EAk aurkeztutako mozioa. Horren arabera, Udalak zenbait konpromiso hartu zituen, hala nola: aldarrikatzea Udalbiltzaren sorreran onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo; Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzi-bidea irmoki salatzea, eta Zumaian egingo den elkarretaratzera herritarrei dei egitea.

Udal gobernuaren “kezka”

Udal gobernuak “kezka” agertu du joan den ostiralean Espainiako Poliziak Segi gazte erakundearen kontra hainbat herritan aurrera eramandako operazioaren harira. Polizia Zumaian izan zen; Torreberri gaztetxea miatu eta herriko gazte bat atxilotzen saiatu zen. Horren harira, mozioa aurkeztuko du udal gobernuak ostegunean egingo den plenoan.