Udalak eta Maria eta Jose ikastetxeak lankidetza akordioa berretsi dute
2017an sinatutako akordioak herria zein herritarrei ekarri dizkien onura eta abantailak ikusirik, epe luzerako akordio baten oinarriak finkatu dira. M&J Ikastetxeko azpiegiturak erabiltzeko akordioak, arlo horretan lehen zeuden hutsuneak betez, zerbitzu emankorra eskaini die Zumaiako erakunde eta herritarrei eta helburu du Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko instalazioen erabilera ahalbidetzen jarraitzea, besteak beste.
Zumaiako Udalak eta M&J ikastetxeak 2017an abiatutako lankidetza hitzarmena berretsi dute gaur eta horri esker, aurrerantzean ikastetxeko azpiegiturak herriko ekimen eta ekintza desberdinak egiteko erabiltzen jarraitu ahal izango dira.
Esan bezala, akordio hori iaz sinatu zen lehen aldiz eta aitzindaria izan zen Zumaian, inguruko herriek, Orio, Azpeitiak, Zarautzek edo Azkoitiak, esaterako, itunpeko ikastetxeekin akordioak sinatuta badituzte ere, Zumaian iaz arte ez zelako horrelakorik sinatu.
Hitzarmenaren helburu nagusia da bereziki Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko azpiegituren erabilera ahalbidetzen jarraitzea eta aldi berean, espazio horien erabilera erregulatu eta erabilera horrek ikastetxeari eragindako gastuak arintzea.
2017an sinatutako akordioari erreparatuz, esaterako, irailetik abendura bitartean instalazioen erabilera nabarmen areagotu dela adierazi du ikastetxeko zuzendariak: “akordioa ekainean sinatu zen eta urte osoko erabilera jasotzen bazuen ere, hitzarmenaren eragina irailetik aurrera nabarmendu da gehien, gure ikastetxeko azpiegituren erabilera herriari, entitateei eta herritarrei zabalduz”.
Ildo horretan, kultur eta kirol elkarte zein eragileak izan dira ikastetxeko espazioak gehien erabili dituztenak. Kirol arloari dagokionean, gimnasioa eta kirol pista izan dira espazio erabilienak eta bereziki kiroldegiko edota Eskola Kiroleko ekintza edota ekimenak egiteko erabili dira: partiduak, entrenamenduak…
Kultur arloan areto nagusia, gimnasioa eta ikastetxeko espazio desberdinak (aldagelak, pista, erabilera anitzeko espazioak…) erabili dira gehien. Bertan, besteak beste, Astindu dantza elkartearen entsegu zein emanaldiak, Musika Eskolako kontzertu, ekitaldi, dantza edota bestelako ikastaroak eta udaleku musikalak burutu dira. Horrez gain, Udaleko kultur sailetik antolatutako ekimen desberdinetarako ere erabili dira aipatutako azpiegiturak, hala nola, Go!azen ikuskizuna, Pirritx eta Porrotxen emanaldia, Korrontziren kontzertua, Klarinete maratoia, Musika Hamabostaldia…
Ildo horretan, aipatzekoa da, ikastetxean dagoen ikuskizunetarako areto nagusiak 700 ikusleentzako edukiera izanik, herri mailan tamaina handiko ikuskizunak eskaintzeko aukera zabaldu eta kultur arloko eskaintza zabaltzeko aukera bideratzen duela.
Dena den, ez dira kultur edota kirol ekintzak izan guztiak. Ikastetxeko azpiegituretan egin dira, baita ere, herritarrei zuzendutako beste hainbat ekintza: mintegiak, Volando Voy saioa… Eta herriko festa edo ekitaldi berezietan sortzen diren beharrei erantzuna emateko ere erabili izan ohi dira(aparkalekua, esaterako). Halaber, ikastetxeko kanpo azpiegitura edota espazio estaliak zabalik daude asteburuetan zumaiarrek kirola egin edota haurrekin jolasteko aukera izan dezaten.
“Iaz sinatutako hitzarmenak urtean zehar herria zein herritarrei ekarri dizkien onura eta abantailei erreparatuz, oso kontentu gaude lankidetza akordio honekin. Maria eta Jose ikastetxeak instalazio apartak ditu eta horiek erabiltzen jarraitu ahal izatea onuragarria da herri mailan, azken finean, guztiok izango dugulako espazio gehiago herrian ekintza eta ekitaldi desberdinak egiteko”, amaitu du Zumaiako alkateak, Oier Kortak.



