Udalak etxez etxeko zerbitzurako langile bat kontratatuko du
Errelebo kontratua eta %82ko lanaldia izango da. Eskabideak irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira Zumaiako Udaleko erregistroan.
Zumaiako Udalak etxez etxeko zerbitzurako aldi baterako langile bat kontratatzeko prozedura abian jarri du. Kontratazioaren helburua, errelebo-kontratu bidez eta lehiaketa sistemarekin etxez etxeko laguntzaile aritzeko langile bat aldi baterako kontratatzea izango da.
Kontratua egungo etxez etxeko laguntzaileetako batek erretiro partziala hartzearekin batera formalizatu eta hasiko da, eta erabat erretiratzen den arte iraungo du. Hala, errelebo kontratua eta %82ko lanaldia izango da.
Etxean laguntzeko jarduerak beteko ditu langile honek, hala nola, elikadurarekin, jantziekin edo etxebizitza mantentzearekin zerikusia duten lanetan lagunduko du.
Izen-emateak irailaren 15a baino lehen
Eskabideak irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira Zumaiako Udaleko erregistroan (7:30-14:30). Aurkeztu beharreko dokumentazioa hau izango da: eskaera orria beteta (www.zumaia.net webgunean zein Zumaiako Udaleko Erregistroan eskuragarri egongo da), NANaren fotokopia, Enplegu Zerbitzu Publikoan izen-ematearen ziurtagiria, eskatzen den tituluaren fotokopia.
Baldintzak
Prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak hauek dira besteen artean: Zarauzko enplegu publikoko bulegoko langabeen zerrendan apuntatuta egotea, 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehienezko adina ez izatea, edo eskola-ziurtagiriaren jabe izatea.
Lehiaketako oinarriak hemen dauzkazu.



