UDALAK HERRIKO EREMU PUBLIKOETAN EZARRITAKO KARTEL ETA PANKARTA ORO KENTZEKO ERABAKIA HARTU DU

2016/02/19

• Neurri honek helburu du guztiona den espazioa errespetatzea ordenantza berria idatzi bitartean • Era berean, adierazpenak egiteko panel urdinak herritarren eskura daudela gogorarazi du Udalak

Zumaiako Udalak jakinarazi du, hemendik aurrera herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu duela, edozein delarik hauen eduki, mezu, jatorri edota helburua.

Horiek horrela, herria garbi eta txukun mantentzeko eta guztiona dena errespetatzeko xedearekin hartu du Udalak neurri berri hau. Orain arte, astelehenetik ostegunera bitarte kartel eta pankartak ezartzea onartzen bazen ere, asteburuetan hauek kendu egiten ziren herriari itxura garbiagoa eta txukunagoa emateko. Aurrerantzean aste guztian zehar irizpide berdina jarraitzeko erabakia hartu da eta txukuntasun hori mantentze aldera eta herriko eraikin eta eremu publikoak errespetatze aldera, Udalak ordenantza berri bat idatziko du eta honen baitan egituratu eta arautuko ditu besteak beste, kartel eta pankartak jartzeko nondik norakoak, publizitate panelen kokapena, pintadak egitearen aurkako neurriak…

Era berean, udal gobernu berriak adierazpen askatasunaren alde egiten duen apustua berretsi nahi izan du, betiere, Zumaian horretarako ezarrita dauden guneak errespetatzen badira. Honen inguruan, gogorarazi dute ezarrita eta herritarren eskura daudela panel urdinak beren mezuak bertan jarri ahal izateko. Udalak, herria txukun eta garbi mantentzeko konpromiso hau hartuta eta erabaki hau jarraituz bertan behera utzi du udal publizitatea jartzeko erabili ohi zituzten panelen erabilpena.

Azkenik, Zumaiako Udalak azpimarratu du bere ardura dela herritarren mesederako, guztiona dena errespetatu araztea, baina horretarako, zumaiar guztien inplikazioa ere ezinbestekoa dela adierazi du. Beraz, eraikin eta eremu publikoak errespetatzeko eta zaintzeko herritarren parte hartzea eta laguntza eskatu ditu, Zumaiak txukuntasun irudia transmititu dezan.

ZUMAIAKO UDALA