Udalak herritarrekin parte hartze prozesua hasiko du apirilean atez ateko sistemaren inguruko informazioa zabaltzeko
Udalak gauzak ondo egin nahi ditu, eta hondakinen %80a birziklatzera iritsi nahi du; horretako sistemarik eraginkorrena atez ateko sistema da, gaur egun.
Udal Gobernuak atzo emandako prentsaurrean garbi azaldu zuen hondakinekin "arazo dat" dagoela Zumaian eta Gipuzkoan. Arazoaren iturburua eta erantzule norbanakoa da eta arazoari irtenbidea ematen hasteko hondakinen bilketa sistema aldatzeko apustua egingo du Zumaiako Udalak. Hala, atzo iluntzeko plenoan onartutako mozioari jarraiituz, atez ateko sistemaren inguruko informazio herritarren artean zabaldu, eta sistema horren inguruko onurak eta sor ditzakeen zalantzak argitzeko parte hartze prozesu bati hasiera emango zaio apirilean.
"Kontsumoan oinarritzen den sistema lineal batean funtzionatzera" ohitu garelako dago arazoa: "baliabideak ustiatu eta produktuak sortu, produktu horiek kontsumitu eta botatzera ohitu gara. Honela gero eta hondakin gehiago sortzen da. Hein haundi batean, iturburuan dago arazoa. Kontsumo ereduak aldatu eta zabor bihurtu daitezkeen materiak gutxitu behar ditugu", azaldu zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak.
Hondakinen kopuruak etengabean gora egiten duela gogoratu zuen, eta Gipuzkoan orain arte zaborra zabortegietan bildu dugun arren horiek gainezka daudela gogoratu zuen.
Arazoaz jabetuta eta birziklapen maila handitu nahian, hondakin organikoa gaika biltzeko aukera duela urte batzuk jarri zela herrian azaldu duen Agirrezabalagak. Edukiontzi marroiaren erabilpena borondatezkoa dela ere esan zuen: "Datuak ordea, ez dute gehiagorako ematen. Izan ere, hondakinen %35etik gora bereizita biltzerik ez dugu lortzen, %90-a birziklagarria izan daitekeenean".
Azken hiru urteotan Gipuzkoako hainbat herrik hondakinen bilketa sistema aldatu eta %80a bereizita biltzea lortu dutela azaldu zuen: "Gipuzkoar guztioi gehiago bereizi eta birziklatzea posible dela erakutsi digute. Atez ateko bilketa sistema da gaur egun kopuru horietara iristen den bakarra", gaineratu zuen.
Parte hartzea
Atez ateko bilketa sistemaren ezarpena ez da bilketarekin hasten, askoz lehenago baizik. Honela herritarrei bideratutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzeaz gain, partehartze prozesuen bidez herritarrekin batera diseinatzen dira sistema honen nondik norakoak auzoz auzo. Bilketaren egutegi eta ordutegiak, bilketa puntuen nolakotasun eta kokalekuak eta bestelako ezaugarriak ere herritarrekin adosten dira, eta guzti horren ondoren hasten da atez ateko bilketa selektiboa abian. Eta Zumaian ere horrela egingo dela azaldu zuen.
Orain arte hondakinen inguruan egin dena ere gogoratu nahi izan zuten prentsaurrean. Hala, azken urteotan atez ateko sistema ezagutu eta ezarri ahal izateko diagnosi eta planak garatu izan direla Zumaian gogorarazi zuten.
Hondakinen inguruko batzorde ireki eta partehartzaile bat egin zen aurreko legegintzaldian, eta bertan Zumaiaren datuak eta eredua aztertzeaz gain konpostajea herrian zabaltzea eta atez ateko bilketa Zumaian bideragarria litzatekeen aztertzen duen plan baten beharra azaleratu ziren. Honako hauek dira azken bi urteotan hondakinen inguruan Zumaiako UDalak egindako hainbat azterketa eta prozesu:
- 2010-eko urtarrilean Novotek enpresak Zumaiako hiri hondakinak kudeatzeko plana garatu zuen.
- Urte berdinean, Elhuyar enpresak gai horren inguruan hausnartzeko herritarren talde bat sortu eta bideratzeko prozesua abiaratu zen: herritar guztiei zabaldutako bilerak gauzatu, lantaldeak sortu, hitzaldiak entzun eta beraien iritzia emateko aukera izan zuten. Bileren egun eta orduak publikoak izan ziren.
- Guzti horren ondoren, 2011 urtean, Garbitania enpresak udalerrian atez ateko hondakinen gaikako bilketa ezartzeko bideragarritasun tekniko-ekonomikoa egin eta aurkeztu zuen. Bertan argi ikusi daiteke Zumaian atez atekoa bideragarria dela.
Orain, atez ateko sistemaren inguruko informazioa herritarren artean zabaldu, horiek izan ditzaketen galdera eta dudei erantzun eta proposamenak jasotzeko parte harzte prozesu bat jarriko dute abian. Apirilean hasiko dira bilerak, eta maiatza bitartean hainbat bilera egingo dituzte zonaldeka. Herritarrekin elkartu aurretik, hitzaldi bat egingo da informazio orokorra plazaratzeko. Hona hemen hitzaldiaren eta bilera egunak:
Hitzaldia
Apirilak 4: Hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia herritarrekin
Bilerak
Apirilak 11: bilera herrigunekoekin
Aprilak 18: Bilera poligonoan bizi direnekin
Apirilak25: Bilera gazteleraz
Maiatzak 2: Bilera Narrondo eta Oikakoekin (lekua zehaztuko da aurrerago)
Maiatzak 9: Bilera landa eremuan bizi direnekin
Maiatzak16: Bilera ostalari eta merkatariekin
Hitzaldia eta bilera guztiak (Oikia eta Narrondokoa izan ezik) 19:00etan hasiko dira, Alondegian. Bilera guztiak euskaraz izango dira, apirilaren 25ekoa izan ezik. Hori gazteleraz egingo baita.
Udalak herritarrei dei egiten die hondakinen kudeaketaren inguruan gehiago jakiteko bilera horietan zein hitzaldian parte hartzeko. Horretaz gain, edozein zalantza edo proposamen jasotzeko udaletxeko ateak irekita daudela gogorarazi nahi du. Udalera jotzeko, bertatik pasatu, 943 86 50 25 telefonora deitu edo kexak-iradokizunak@zumaiakoudala.net helbidera idatzi daiteke.
Udal Gobernuaren erabakia
Gipuzkoan ez ezik, beste hainbat herrialdeetan ere ezagutzen dituzte atez ateko sistemaren onurak; besteak beste, Italia, Frantzia, Alemania, Suedia, Suitza, Kanada, Australia edo Katalunian. "Orain, gure herrian sistema horrek ekartzen dituen onurak ikusi nahi ditugu. Zumaian, ahalik eta gutxien sortzeaz gain, ahalik eta gehiena birziklatu nahi dugu, ondoren, kutsakorrak diren erraustegiak ekidin asmoz", azaldu zuten.
Europako legediak dioen moduan ahalik eta kopuru gehiena bereizita bildu nahi du Udal Gobernuak, ahal den guztia birziklatzeko. "Arazoaren iturburua gu geu garenez, guk geuk izan behar dugu konponbidearen parte. Ingurunea eta osasuna ditugu jokoan, eta birzikla daitekeena baino gutxiago birziklatzen jarraitzea ez da zilegia, ez da aukera bat", esanez bukatu zuten.



