Zumaia Lantzenek saldu dizkio Eusko Jaurlaritzari Puntanoetako hiru partzelak, babestutako etxebizitzak egiteko
Saldutako partzela horietan babestutako 137 etxebizitza egingo dira. Lehen aldiz alokairuan jarriko diren etxebizitzak egingo dira Zumaian.
Eusko Jaurlaritza eta Zumaiako Udala azken urteotan Puntanoetako eremuan babestutako etxebizitzak egiteko lurrak saltzeko tramiteetan ibili dira. Azkenean, Zumaia Lantzenek saldu dizkio, aurretik hitzartu bezala, 3 partzelak Eusko Jaurlaritzari. Lur horiek Eusko Jaurlaritzari saltzeko akordioa lortua bazen ere, 2010 urtearen erdi aldera lortu zuten eremu guztia Zumaia Lantzenen esku gelditzea, izapide batzuk medio. Behin lur guztiak Zumaia Lantzenen esku izanda Urbanizatzeko Jarduketa Programa tramitatzea eta eremu horretako Plan Berezia aldatzea ere eskatzen zuen akordioak, eta horretan aritu ziren iaz. Hori guztia egin ostean, azkenean, Zumaia Lantzenek saldu dizkio Puntanoetako 3 partzela Eusko Jaurlaritzari. Lur horiek helburu jakin batekin saldu dira: partzela horietan babestutako etxebizitzak egitea. Bertan, 137 etxebizitza egingo dira; horietatik 42 alokairu babestua izango dute, beste 42 alokairu soziala izango dute, eta 53 salmentan salduko diren babes ofizialeko etxebizitzak izango dira. Proeiktu horrekin, Zumaiako Udalak helburu bat beteko du: Zumaian alokairu babestuan eta alokairu sozialean izango diren etxeak eraikiko dira, lehen aldiz.
Partzela horien salmentagatik, Zumaia Lantzenek 1.440.000 euro jaso zituen abenduaren bukaeran, eta diru-sarrera hori oso positiboa da gaur egun erakundeak duen egoera ekonomikoa arintzeko.
Gaur egun, alde batetik, proiektu horren urbanizazio proiektuari azken zehaztapenak egiten ari dira. Bestetik, berriz, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza proiektuak idatzi behar ditu. Proiektu horiek, Udalaren eskutik zehaztuko dira. Behin bi proiektu horiek zehaztuta, etxebizitzak eraikitzea izango da hurrengo pausoa. Pauso hori, 2011 urtean ematea aurreikusten da.
Zumaia Lantzenek ere 148 etxe egingo ditu
Puntanoetako proiektuak Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazio ona eta estua eskatzen du. Izan ere, Zumaia Lantzenek ere 148 etxebizitza egingo ditu Puntanoetan, hiru etxe bloketan. Dagoeneko, etxebizitza horien proiektuak idatzi daude, eta Zumaia Lantzenek 2011 urteko ekintza planean etxe horiek eraikitzen hastea aurreikusten du.
Zumaia Lantzenek egingo dituen 148 etxebizitzatako batzuk alokairuan ateratzeko aukera ere aztertzen ari da. Horrek Zumaiako Udalari esfortzua eskatzen dio, baina ahalik eta etxebizitza gehien alokairuan jartzea da helburua.
Izen ematea
Etxebizitza horietarako interesa dutenek, ohiko prozedura jarraitu beharko dute. Hau da, babestutako etxe bizitza guztietarako bezala, Etxebiden izena emanda egon beharko dute etxebizitza horietako zozketan sartzeko. Etxebiden babes ofizialeko zein tasatuetako etxebizitzak alokairuan hartu edo erosteko aukerak hautatu daitezke. Beraz, norberak, beharren arabera, aukeratu dezake zein etxebizitza motatako zozketan sartu. Oraindik izena eman ez dutenak, edo beraien eskaeran aldaketaren bat egin nahi dutenak, Zumaiako udaletxean eta webgunean dituzte horretarako dokumentuak. Etxebizitza horien zozketa, oraindik ere zehaztu gabe dagoen arren, aurten egitea aurreikusten da.



