Udalak Zumaiako etxebizitza premia eta eskariaren inguruko ikerketa egin du
Azterketaren arabera, 373 herritar daude lehen etxebizitza eskuratzeko premian, beste 191 familiek, berriz, etxebizitzaz aldatzeko premia dute. Hirigintza zinegotziak oso baliagarritzat jo du ikerketa aurrera begira etxebizitza politika zehaztu ahal izateko.
Zumaiako Udalak etxebizitza premia eta eskaria aztertzeko ikerketa egin berri du Aztiker Jendarte-Ikerketaren bitartez. Herriko 648 familia eta horiei dagozkien 1.918 familiakide hartu dituzte ikerketarako lagin gisa eta otsaileko hiru astetan egin zuten galdeketa. “Zori sistemaz” egin dute aukeraketa, “herriko guneen eta auzoen arteko presentzia orekatua bilatzeko”.
Ikerketaren arabera, zumaiarren % 4,0 (373 herritar) dago lehen etxebizitza eskuratzeko premian; batez ere, gurasoengandik emantzipatzeko edo bikotean bizi ahal izateko. Horietako gehienak, gainera, 20 eta 34 urte bitarteko gazteak dira. Eusko Jaurlaritzaren datuekin alderatuta, lehen etxebizitza eskuratzeko premia apur bat handiagoa da Zumaian Gipuzkoan baino. Horrekin batera, bertako familien %6,2k (191 familia) daukate etxebizitzaz aldatzeko premia, batik bat, egungoa leku txarrean dagoelako edota etxebizitza jabetzan eduki nahi dutelako. Portzentaje hori ere, Gipuzkoako familia premiadunen portzentajea baino gorago dago.
Etxez aldatuko liratekeen 191 familia horien etxebizitzak libre geratuko liratekeela kontuan hartuta, eta lehen etxebizitza eskuratuko luketen horietatik batzuk bikotean eta taldean egingo luketela aintzat hartuta, 283 etxebizitza nahikoa lirateke Zumaian etxebizitza premia eta eskariari aurre egiteko.
Jabetzan nahiago
Edukitze erregimenaren arabera, eta etxebizitza jabetzan edo alokairuan nahiago luketen galdetuta, zumaiarren gehiengoak dio (%44,4k) etxebizitza jabetzan nahiago luketela. Aldiz, %27,8ak dio alokairuan nahiago lukeela, eta gainerakoari (beste %27,8ari) berdin zaio alokairuan edo jabetzan hartu. Etxebizitzan aldatzeko premian daudenen artean ere, jabetzaren erregimena nagusitzen da. Kasu horretan, bi herenek (%66,8k) jabetza lehenetsi dute, eta beste %14,6ak, berriz, jabetza baino nahiago dute alokairua. Gainerako %18,6ari berdin zaio jabetzan edo alokairuan izan.
Etxebizitza, arazo larrienetakoa
Zumaiako bizilagunentzat etxebizitza arazo larrienetakoa da, hain zuzen, %63,9arena da iritzi hori. %9,9aren iritziz, etxebizitzarena da arazorik larriena eta beste %25,0 batentzat ez da arazo larrienetakoa. Aldiz, zumaiarren %1,2ak ez du uste etxebizitza arazo denik.
Etxebizitzaren inguruko politikei dagokienez, galdetzaileek lau neurri aurkeztu dizkiete elkarrizketatuei, eta azaldu dutenez, laurek jaso dute babes zabala. Babes gehien jaso duen neurria hauxe da: babes ofizialeko etxebizitzak eskaintzea (67,1 oso ados eta %31,2 ados). Horren ondoren, batez ere gazteei begira, bost urterako alokairu merkeak eskaintzea azal du indar handiz (56,1 oso ados eta %35,9 ados). Etxebizitza hutsak merkaturatzearen alde azaldu dira, halaber, hamarretik zortzi baino gehiago. Eta laugarren aukera ere, eraikinen beheko solairuak etxebizitza gisa erabiltzeko araudi-aldaketak egitearen proposamena ere zumaiar askok babestu dute (33,5 oso ados eta %44,4 ados).
"Etxebizitza politika zehazteko abiapuntua"
Andoni Etxaniz Hirgintza zinegotziak “oso baliagarritzat” jo du ikerketa, aurrera begirako etxebizitza politikak finkatzeko, “lehenengo eta behin herrian dauden beharrak identifikatu behar dira, gero politikak finkatu ahal izateko. Arau ordezkatzaileak egin zirenean espekulazioan baino ez ziren oinarritu aurreko gobernuak. Izan ere, guk behintzat ez genuen ikusi azterketa bat bera ere egin zenik hori erabaki ahal izateko, eta espekulazioetako oinarritu ziren. Eta hala, orain artean ez da egin zumaiarren beharren araberako etxebizitza politikarik”.
Etxebizitzaren inguruan zumaiarrek dituzten premia eta beharrak identifikatuta, eta herriko etxebizitza hutsen azterketa eginda, “herritarren beharren araberako etxebizitza politika” berri bat zehaztu ahal izateko abiapuntuak finkatu dituztela azaldu du Etxaniz Hirigintza Zinegotziak.



