Udalaren esker ona Eguberrietako ekitaldiak antolatzen lagundu duten guztiei

2019/01/07
Urtero legez, zumaiarrak elkarlanaren adibide izan dira Gabonetan eta ehunka boluntario, elkarte eta eragileri esker, Gabonetako egitarau oparoa aurrera eraman ahal izan da.

Larunbateko Errege Magoen kabalgatak amaiera biikaina emna zien Zumaiako 2018-2019ko Eguberriei. Amaitu berri diren festa egunen harira, Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Gabonetako ekintza eta ekitaldi guztien antolakuntzan zuzenean parte hartu duten boluntario, elkarte eta eragile guztiei. “Zumaiako Eguberriak elkarlanean oinarri sendoa dute eta urtero legez, aurten ere ehunka lagun aritu dira antolakuntza lanetan. Horien guztien esfortzu, ilusio eta inplikazioari esker izan da posible Gabonetako egitarau oparoa aurrera eramate eta, horregatik, Udalaren izenean eskerrik beroenak ematen dizkiet guztiei” azaldu du Oier Korta alkateak.

Eguberrietan zehar zumaiarrek hainbat eta hainbat ekintzez gozatzeko aukera izan dute: Gabon korua, ipuin kontaketak, bertso saioak, Gabonetako haur parkea, musika eta kirol ekitaldiak, jaiotza, San Silbestrea, Errege Magoen kabalgata… Zumaiarren berotasunak zenbait egunetan izan den hotzari aurre egin dio eta parte-hartzea nabarmena izan da. Udala oso kontentu azaldu da eta eskerrak eman nahi izan dizkie ekintzetan parte hartu duten zumaiar guztiei.