Udalbiltza auzia salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean udaletxe aurrean

2010/04/28

EAJko, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko udal-taldeek bat egin dute bilkura deialdiarekin eta herritarrei dei egin diete elkarretaratzean parte hartzeko.

 

Udalbiltzaren legez kanporatzearen zazpigarren urteurrenaren harira, auzia salatu eta erakundeari babesa eman asmoz, elkarretaratzeak egingo dituzte ostegunean Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean. Zumaian, EAJko, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko udal-taldeek bat egin dute deialdiarekin eta elkarretaratzea 20:00etan egingo da udaletxe aurrean, ‘Bai Udalbiltzari Bai Euskal Herriari’ lelopean.

2003an abiatu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren kontrako operazioa eta kontuak blokeatu eta erakundeak itxi zizkieten. Operazioari jarraiki, 22 auzipetu daude Udalbiltza auzian inputatuta eta 10 urtetik 23 urtera bitarteko zigor eskaerak dituzte.

Udalbiltzak salatu duenez, “Estatu Espainolaren eraso honek euskal hautetsien nazio ordezkaritza bat osatzea eragotzi nahi du. Horren baitan, Euskal Herriak nazioarteko komunitatearen aurrean ordezkaritza legitimo eta demokratiko bat aurkez dezan eragotzi nahi dute”.

Elkarretaratzea, osteguna, 20:00etan izango da Zumaian, udaletxe aurrean.