Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzera deitu ditu Udalak herritarrak

2010/10/20

'Plazak bete, Udalbiltza aske!' lelopean, larunbatean egingo da elkarretaratzea Eusebio Gurrutxaga plazan.

 

“Plazak bete, Udalbiltza aske” ekimenaren baitan, Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzea egingo da larunbatean Zumaian. Eusebio Gurrutxaga plazan izango da, 12:00etan hasita eta Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekimenean parte hartzera.

Joan den uztailaren 29ko ohiko plenoan onartu zuten EAJk, Aralar-Alternatibak eta Pilar Etxabek, Udalbiltzaren alde Talde Mistoak eta EAk aurkeztutako mozioa. Horren arabera, Udalak zenbait konpromiso hartu zituen, hala nola: aldarrikatzea Udalbiltzaren sorreran onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo; Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea, eta Zumaian egingo den elkarretaratzera herritarrei dei egitea.

Epaiketa amaitzear

2003an abiatu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren kontrako operazioa eta kontuak blokeatu eta erakundeak itxi zizkieten. Operazioari jarraiki, 22 auzipetu daude Udalbiltza auzian inputatuta eta 10 urtetik 23 urtera bitarteko zigor eskaerak dituzte. Orain, zazpi urte eta erdi pasa ondoren, Udalbiltzaren kontrako auziaren ahozko epaiketa amaitzear dago. Hilare 25ean eta 26an egingo dituzte azken saioak eta urriaren 27an bukatuko da epaiketa.

Udalbiltzak salatu duenez, “Estatu Espainolaren eraso honek euskal hautetsien nazio ordezkaritza bat osatzea eragotzi nahi du. Horren baitan, Euskal Herriak nazioarteko komunitatearen aurrean ordezkaritza legitimo eta demokratiko bat aurkez dezan eragotzi nahi dute”.

Elkarretaratzea, larunbatean, urriaren 23an egingo da, 12:00etan hasita Eusebio Gurrutxaga plazan.