Udaleku Irekietan parte hartuko duten haurren gurasoekin bilera egingo dute Ludotekako hezitzaileek
Ekainaren 22an bi bilera izango dira, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Gurasoei, udalekuetako programazioaren berri emango zaie.
Aurtengo udan Zumaian egingo diren Udaleku Irekietan parte hartuko duten haurren gurasoekin bilera egingo dute Ludotekako hezitzaileek. Bileran, euren haurra zein taldetan egongo den esango diete gurasoei, eta ildo beretik, udalekuetako programazioaren berri emango zaie.
Hala, ekainaren 22an bi bilera deitu dituzte gurasoei zuzenduta. Bata, euskarazkoa, 17:00etan izango da Ludotekan bertan eta bestea, gaztelerazkoa, berriz, 17:45ean hasiko da toki berean.
Udalekuen inguruko zenbait gai landuko dituzte bileran eta zuzendaritza taldea ezagutzeko aukera izateaz gain, gurasoek dituzten galderak eta zalantzak argitzeko aukera ere izango dute.
Aurten 333 ume
Urtetik urtera gero eta ume gehiagok izena ematen du Zumaiako Udaleku Irekietan, eta aurten ere errekor berria jarri da. 3 urtetik 11 urtera bitarteko 333 umek eman dute izena. Uztailaren 5etik 30era bitartean egingo dira aurten, eta ohi bezala, bi txanda izango dira. Lehenengo txanda uztailaren 5etik 16ra egingo da, eta bigarrena, berriz, uztailaren 19tik 30era.



