Udazkenerako eskaintza oparoa prest du Emakumeon* Etxeak
Jabetze eskoletako izen ematea irailaren 7tik 17ra artean izango da zabalik. Ikastaroak, hitzaldiak, antzerkiak, dokumental proiekzioak nahiz tailerrak ere izango dira hiruhileko honetan zehar.
Prest du Emakumeon* Etxeak 2026ko udazkeneko programa. Asteazkenean aurkeztu zuten abendura artean izango den egitaraua, eta astelehenetik aurrera eman ahal izango da izena jabetze eskoletan.
Herritarrek dagoeneko jaso dute etxeetan programazioa biltzen duen liburuxka; jaso ez dutenek, berriz, Emakumeon* Etxean, Udaletxean, Kultur Etxean edo Gizarte Zerbitzuetan aurkitu dezakete. Baita gure webgunean ere.
> Emakumeon* Etxea: 2026ko udazkeneko programa
Programazioak hamazazpi jabetze eskola, bederatzi elkargune, agenda zabala eta zerbitzuak jasotzen ditu. Jabetze eskoletan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, irailaren 7tik 17ra bitartean, Emakumeon* Etxean bertan edo webgune honetan.
Jabetze eskolen eskaintza askotarikoa da. Ikasturte honetan, ohiko ikastaroez gain, egun bateko ikastaro laburrak ere eskainiko dira: urpekaritza, tuppersex, botikin naturala sendabelarrekin... Elkarguneei dagokienez, aurreko ikasturteetatik zortzi elkargune egonkortu dira (hezkuntza feminista, xakea, pala, futbola, xaboi komunitarioa, sorgin txokoa, eskubaloia eta mendi-irteerak). Nobedade gisa Lotsa-rave: DJ elkargunea sortu da. DJ-mundua ezagutzeko eta kolektiboan musikarekin esperimentatzeko espazioa izango da.
Bestelako jarduerak ere izango dira: hitzaldiak, antzerkiak, dokumental proiekzioak… Horiei guztiei irailaren 25an ospatuko den Emakumeon* Etxeko bosgarren urteurren festak emango die hasiera, eta hortik aurrera, ia astero izango da ekintzaren batean parte hartzeko aukera.
Zerbitzuei dagokienez, aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa nabarmendu dituzte aurkezpenean. Izan ere, zerbitzu horiek lagungarriak izan daitezke emakume askorentzat, eguneroko arazoei aurre egiteko zein indarkeria egoeretan babesa izateko.
Zumaiako Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu Emakumeon* Etxeko ekintzetan parte hartzera. Informazio gehiago gure webgunean eta Instagramen kontsultatu daiteke.



