UEMA-ko batzarra egin zen larunbatean, Zumaian

2012/01/16

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkari politikoek ohiko batzarra egin zuten larunbatean (hilak 14) Zumaiako Alondegian. Bertan izan ziren, besteak beste, Zumaiako Udaleko UEMAko zenbait ordezkari. Batzarrean azaldu zutenez, aurtengo erronkarik handiena lurgunea handitzea izango da "Udal hauteskundeez geroztik, 20 udalekin izan dira harremanetan, eta hurrengo hilabeteetan udal horietako askok mankomunitatean sartzeko eskaera egitea espero du UEMAk". Zumaia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da 2009 urtetik. 2012ko egitasmoaren baitan, lehentasunezko esparruak honako hauek izango direla adierazi zuten: euskararen arnasguneak zer diren eta euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duen gizarteratzea, udalek udal barne erabilera planetan sakontzea eta udal administrazioetatik kanpoko esparrutan eragitea.