"Último día de Playa", Eduardo Alsasuaren azken lanak biltzen dituen erakusketa, Oxford Aretoan irailak 5-23 bitartean

2018/08/31

Zumaiako kaleko pintura lehiaketako erakusketak azken egunak ditu Oxford aretoan. Irailak 2 igandera arte, egunero egongo da zabalik 18:30-20:30 ordutegian. Irailaren 5ean zabalduko den hurrengo erakusketak lotura du, hain zuzen, kaleko pintura lehiaketarekin, duela bost urte lehiaketa irabazi zuen Eduardo Alsasua margolari gasteiztarraren lanak erakutsiko baitira.

Último día de Playa, Eduardo Alsasuaren azken lanak biltzen dituen erakusketa, Zumaiako Oxford Aretoan egongo da irailak 5-23 bitartean. Margolaritza errealista garaikidea egiten du Alsasuak, bizi duen errealitate hurbila oinarri hartuta. Paisaiarekin du zerikusia mundu horrek; hiriaren aldirietan gertatzen denarekin; ‘naturarekin’ eta gutako edonork naturan egiten ditugun jarduerekin. Lan hauek barne-barneko kontuak biltzen dituzte, etxe barrukoak: bizirautea, herabetasuna, inkomunikazioa… horietxek egunerokotik abiatuta azaleratzen direnak.

Eduardo Alsasuak Gasteizko Arte Eskolan hasi zituen ikasketak, eta 2007. urtean Arte Ederretako lizentzia eskuratu zuen EHUn. 2005. urtetik tailer magistraletan parte hartzen dihardu, besteak beste Antonio Lópezek Avilan eskaintzen duen Francisco de Goya Katedra. Sari ugari jaso ditu, garrantzitsuenak XXXV, Antonio López García Margolaritza Sari Nazionala, eta Ohorezko Aipamena VII. Margolaritza eta Eskultura Figuratibo lehiaketan, Bartzelonan. Bakarkako erakusketetan, azkena 2017ko abuztuan egin zuen Torreluzean (Zarautz).

Zumaian, aukera ederra izan genuen artista gasteiztarrak nola lan egiten duen ikusteko, 2013an Kaleko Pintura Lehiaketan parte hartu baitzuen, baita irabazi ere.

http://www.eduardoalsasua.com

Irailak 5-23, Oxford aretoan erakusketaÚltimo día de playa, Eduardo Alsasua
Irekiera: irailak 5 asteazkena, 19:00
Egunero 18:00-20:00
Igande eta jaiegunetan 12:30-14:00 | 18:00-20:00