Urko Mager: “Urte luzez ingurumenari egindako kalteari buelta emateko modu ona da konpostajea”

2011/01/12

Larunbatean, hilaren 15ean, eta hilaren 20an, ostegunean, emango ditu etxean konposta egiteko ikastaroak. Ikastaroan parte harzteko Zumaiako Udaleko Ingurumen Sailean izena eman behar da.

 

Zumaiako Udalak martxan jarritako Konpostaje Kanpainaren barruan, ikastaroa antolatu da  kanpainan izen eman duten guztiei edo interesa duten guztiei zuzendua. Bi saio izango dira, bat euskaraz eta beste gazteleraz, eta ikastaroen egunetan konpostontziak eta konpost-gidak banatuko dira. Lehen saioa euskaraz izango da, larunbat honetan, hilaren 15an izango da, 10:30tan Zumaiako Sagarbide Herri Eskolan. Bigarren saioa, gazteleraz izango da, hilaren 20an, 19:00tan Sagarbide Herri Eskolan. Irakaslea, Urko Mager izango da bi ikastaroetan. 

Ekimenean parte hartu nahi baduzu, oraindik ere garaiz zaude. Ikastaroan parte hartzeko, jarri harremanetan Zumaiako Udalaren Ingurumen Sailarekin,  943 86 50 33 zenbakiaren bidez, edota,  konpost@zumaiakoudala.net helbidera idatzita.

Zer azalduko duzu ikastaroan?

Ikastaroak bi parte izango ditu. Hasieran, parte teorikoa izango du. Hor azalduko dugu konpostajea nola egiten den, zein onura dituen lurrarentzat, gizakiarentzat, ekologiarentzat… Hori azaldu ondoren, atal praktikora pasatuko gara. Hor konpostontzia nola muntatzen den, eta konposta egiteko eman beharreko pausoak azalduko zaizkie ikastaroan parte hartzen dutenei.

Zer garrantzia du, gaur egun, konpostajeak?

Hondakinen kudeaketa asko arintzen da konpostajea eginda. Horrek, eragin onuragarriak sortzen ditu. Alde batetik, zabortegietara eramaten den hondakin kopurua murriztu egiten da. Eta,bestetik, hondakin organikoak lurrera  itzultzen dira konposta lurrean erabiltzen dugunean.  

Ikastaroetara joaten den jendea konbentzituta joaten al da?

Erdiak baino gehiagok badakite zertara doazen. Baina badira gehiegi jakin gabe joaten direnak ere. Horiek zerbait jakiten dute, baina ez gehiegi.

Eta konbentzitzen al dira?

Etxean konpostajea egiten hasten direnean konbentzitzen dira, normalean. Orduan ikusten baitute erabilgarria, erraza eta erabat zentzuzkoa dela konpostajea egitea.  

Zer esango zenieke konpostajea egiteak lana ematen duela esaten duenari?

Etxetik hondakinak jaitsi eta hiru edukiontzitara bereiztea baino lan gutxiago ematen du etxean konposta egiteak. Gainera, egungo kudeaketan materia organikoak sortzen dituen arazoak ikusita, erabat zentzuzkoa da etxean hain erraz egin daiteken hori norberak egitea. Konpostajearen bidez materialen zikloa ixten da. Horrela, materialak  deuseztatu beharrean, aprobetxatu eta etekina ateratzen diegu. Gainera, urte luzez ingurumenari egindako kalteari buelta emateko modu ona da. Pena merezi du konposta egiteak.