Urola Kosta eskualdeko merkataritzako enpresa txikientzat mikroPREBEN programa
Merkataritzako 7 enpresek lan arriskuen prebentziorako plana landu eta garatu dute.
Eskualdeko merkataritza sektoreko 7 enpresek lan arriskuak prebenitzeko plana landu dute MIKROPREBEN programaren laguntzarekin. Urrian hasi ziren lanean eta, orain, martxoan, amaitu dituzte prebentzio-planak.
7 enpresa horiek ziurtagiriak jaso dituzte 2012ko martxoaren 28an, Udal Elkartearen egoitzan egindako ekitaldian.
Mikropreben programa
Programa horren helburua da eskualdeko mikroenpresetan (10 langile baino gutxiago dituzten enpresetan) lan-arriskuen prebentzioa kudeatzea eta prebentzio-planak egin eta ezartzea.
Programa horretan parte hartzen duten enpresei, batetik, lan arriskuen arloko prestakuntza ematen zaie eta, bestetik, aholkularitza eta laguntza beren enpresako prebentzio-plan zehatza egiteko.
2010ean eskualdeko 8 ile-apaindegik parte hartu zuten programan eta 2011ko programan eskualdeko zerbitzuen sektoreko 7 enpresak.
Zergatik MikroPreben programa
Eskualdean zerbitzuen sektorean lan-istripuen kopurua industria-sektorekoa bezain handia zela ikusita (%40,33 industrian eta %38,52 zerbitzuetan), Urola Kostako Udal Elkarteak 2008-2009an diagnostiko bat egitea erabaki zuen, zerbitzuen sektoreko 10 langiletik beherako enpresetan lan arriskuen prebentzioaren gaia zer eta nola kudeatzen zen jakiteko. Diagnostikoak erakutsi zuen enpresa gehienek ez zutela gai hori lantzen eta ez zutela prebentzio-planik. Hori ikusita, 2010ean MIKROPREBEN programa jarri zuen martxan Udal Elkarteak.
Materiala euskaraz
2011-2012ko programak berezitasun bat izan du, izan ere, parte hartu duten enpresek materiala eta prebentzio-plana euskaraz jasotzeko aukera izan dute (5 enpresek euskaraz ere eskatu dute).
Urola Kostako Udal Elkarteak materiala (eskuliburua, plana idazteko ereduak...) gaztelaniaz zegoela ikusita, materiala egokitu eta euskaraz prestatu du (Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du horretarako). Material hori hilabete barru interneten jarriko du nahi duenaren eskura.
Informazioa:
Programa horren inguruko beste argibiderik jaso nahi izanez gero:
Urola Kostako Udal Elkartea
Enpresei Zerbitzuak
Idoia Etxarri
Tel. 943 89 08 08
enpresa@urolakosta.org



