Urola-Kostako Mankomunitateak aurkeztu berri dituen datuen aurrean balorazio positiboa egiten du Zumaiako Udalak

2018/06/21

Datu horiei erreparatuta, legealdi hasieran Mankomunitateko herriek enplegua bultzatzeko hartutako konpromisoa bere fruituak ematen ari dela irizten dio Udalak. Zumaian, 2013an %12,96ko tasa historikotik, langabezia tasa ia erdira jaistea lortu da.

Aste honetan Urola-Kostako Mankomunitateak langabezia tasen inguruko datuak ezagutzera emateko egin duen prentsaurrekoan jakitera eman ziren datuak oso positibotzat jo ditu Zumaiako Udalak. Izan ere, datuak oso positiboak dira, bai bailara mailan baita herri mailan ere. Urola-Kostako datuak, Gipuzkoako onenak dira lehen aldiz, eta Gipuzkoako batez bestekoarekin alderatuta bi puntu baxuagoak.

Zumaiako langabezia tasaren azken urteetako bilakaera oso ona izan da, 2013an %12,96ko langabezia tasa historikoa izan genuen eta  2015era arte %12an bueltan ibili zen. 2016an nabarmen hasi zuen beheranzko bilakaera eta egun, %7,45ean gaude, 2013koarekin alderatuta ia erdia. Gipuzkoako datuekin alderatuta ere datuak nabarmen hobetu dira, izan ere, 2013an Zumaiako langabezia tasa Gipuzkoako bataz bestekoaren puntu bat behetik zegoen eta egun, aldiz, Gipuzkoako batez bestekoa baino 2 puntu beherago dago.

Zumaiako Udalaren iritziz, bai herri mailako, bai bailara mailako bilakaera positibo honek, zer ikusi handia du legealdi honen hastapenetan Mankomunitateko herri guztiek egindako apustuarekin, izan ere, guztiek hartu baitzuten Mankomunitateak kudeatzen duen gai honetarako diru partidak nabarmen igotzeko konpromisoa. Udalerri guztien artean, legealdi bukaerarako miloi bat euro gehiago inbertituko da langabezia murrizteko eta horrek, Udalaren iritziz, zer ikusi handia du jakin berri ditugun datu positiboekin.

Zumaian, gainera, ez da ahaztu behar ahalegin berezia egin dela eta herritarrek lan orientaziorako laguntza eta enpresa berriak sortu edo jada martxan daudenak hobetzeko aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera dutela, hileko hirugarren ostegunean Urola Kostako Udal Elkarteko teknikarien eskutik. 

Horrela, Zumaiako Udalak, langabezia jaisten jarraitzeko politiketan inbertitzen jarraitzeko bere asmoa berretsi du, zumaiarren ongizatea enpleguari lotuta baitago neurri handi batean.