Urolako itsasadarraren Plan Bereziari behin betiko onarpena eman zaio

2014/12/10

Azaroko plenoan aho batez onartu zen behin betiko plana. Bertan zehaztutako ekintza plana gauzatzen hasteko lehen pausoak ematen ari da Udala.

 

Zumaiako itsasadarraren plan berezia osatzen pasatu ditu Udalak azken urteak. Prozesua luze joan da, baina azkenean, behin betiko plana aho batez onartu zen azaroko plenoan.

Urolako itsasadarra Zumaiako paisaiaren parte garrantzitsua da, baina aberastasun horrez gain, ingurumen eta biodibertsitearen ikuspegitik ere oso baliotsua da. Itsasadarra guztiz gizatiartutako eremua bilkatuta badago ere, kalitate eta bakantasun nabarmenak jasotzen dituen paisaia da, oraindik orain, natura gune bereziak inguru erakargarrian kokatzen baititu.

Horretaz gain, naturako osagaiak jatorrizko bereizgarri gehienak gordetzen dituzte itsaslabar zati batzuetan: padurak, hareatzak, kantabriar artadiak, errekaren ertzak, estuarioa… horiek guztiak zaindu eta babestu beharreko eremuak dira, eta horretarako osatu da plana.

Behin betiko onartutako plan berezia osatzerakoan, honakoak izan dira helburuak: Natur baliabideak kontserbatu, hobetu eta berreskuratzea; estuarioaren erregimen hidrologiko naturala eta haren dinamika mantendu eta bermatu, haren birsorkuntza sustatzea; sistema barruko habitatak eta flora zein fauna populazioak aktiboki kontserbatu eta hoberen ordezkatutakoak babestea; uren kalitatea bermatzea; flora aloktono inbaditzailea erauztea eta aisialdirako erabilerak eta hiri-presioak kontrolatzea.

 

Helburu horiek lortzeko planak hainbat atal desberdin ditu:

- Informazio eta justifikazio memoria. Diagnostikoa. Plan Bereziaren helburuak eta antolamendu-proposamenaren oinarriak)

- Ekintza-plana

- Partaidetza plana

- Antolaketa-jarraibideen azterketa eta plana gauzatzeko prozesuaren kudeaketa.

- Hirigintza-araudia.

- Informazio-planoak eta antolamendu xehakatuaren planoak.

 

Planaren ataletako bat itsasadarraren berreskurapena eta mantentzea ahalbidetuko dituen  ekintza plana da. Hor zehaztutako ekintzak aurrera ematea da Zumaiako Udalaren lana, eta bide horretan, hasi da Udala lanean. Hala, hasiak ditu tramiteak Artadian ibilbide bat egiteko eta araztegiaren ostean hegaztien behatoki bat sortzeko.

Plan honek orain artean baino babes handiagoa izatea ekarriko du. Orain artean, Urolako itsasadarra Europar Batasunaren Natura 2000aren baitan Kontserbazio Bereziko Eremu gisa deklaratua zegoen. Sare horrek bioaniztasuna mantentzeko eremuen sare ekologiko europarra osatzen du, eta  Europako habitat eta espezie mehatxatuenen epe luzerako biziraupena ziurtatzea da, horrela, gizakien jardueren eragin kaltegarrien ondoriozko bioaniztasunaren galera gelditzen lagunduz.

 

215/2012 Dekretuan eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartu ziren, eta tartean da ES21200004 Urolako itsasadarra.