Urriaren 14an izango da parte-hartzean oinarritutako aurrekontuen prozesuko lehendabiziko bilera

2010/10/08

Hirugarren urtez jarraian, Udalak herritarren ekarpenekin osatu nahi ditu 2011rako udal aurrekontuak ere. Auzokako eta arlokako bilerez gain, internet bidezko sare sozialak ere erabiliko dira gazteenei parte hartzeko bideak errazteko.

 

Aurten ere, Zumaiako Udalak datorren urteko aurrekontuak modu parte-hartzailean lantzeko prozesua martxan jarriko du. Horretara bidean, iristear da herritarrekin egingo den aurreneko bilerarako hitzordua. Aurten, auzo guztiak bilera bakarrean elkartuko dira, eta urriaren 14an (osteguna) izango da bilera, 19:00etan Sagarbide Herri Eskolan. Auzo guztiak bilera bakarrean elkartuko diren arren, talde txikietan banatuko dira, eta bukaeran guztiek elkarrekin amankomunean jarriko dituzte proposamenak.

Arlokako bileren kasuan ere berdina egingo da. Bilera bakarrean elkartuko dira ondorengo arloetan dabiltzan eragileak: Gizarte zerbitzuak, Kirola, Kultura, Merkataritza, Euskara, Hezkuntza, Hirigintza eta Turismoa. Horien kasuan urriaren 27an egingo da bilera, 19:00etan hasiko da eta Sagarbide Herri Eskolan elkartuko dira.

Sare sozialak

Auzokako eta arlokako bilerez gain, aurten lehen aldiz sare sozialak erabiliko dira. Gazteenen parte-hartzea sustatu nahi honekin eta hala, facebooken prozesuaren inguruko perfila sortuko da. Horrekin batera, aurten ere Udalaren webgunearen bidez ekarpenak egin edota informazioa kontsultatzeko aukera eskainiko da. Atala kontsultatzeko sakatu hemen.

Bileren datak

 

- Auzokako bilera: urriaren 14an, 19:00etan Sagarbide Herri Eskolan.

Elkartuko dira: Basadi, Aita Mari, Alai, Puntanoeta, Arroakalea, Parolaldea, Larretxo, San Telmo, Ardantzabidea, Alde Zaharra, Erribera, Narrondo, Artadi, Oikia, Estazioa eta Jadarre.

- Arlokako bilera: urriaren 27an, 19:00etan Sagarbide Herri Eskolan.

Ondorengo arloetan dabiltzan eragileak elkartuko dira: Gizarte zerbitzuak, Kirola, Kultura, Merkataritza, Euskara, Hezkuntza, Hirigintza eta Turismoa.