Urriaren 23an egingo da ‘Zumaian Eskuz Esku!’ bigarren eskuko azoka
Zumaiar guztiek etxean dituzten produktuak salgai jartzeko aukera izango da eta datorren asteartetik aurrera utzi ahal izango dira produktuak Algorri Interpretazio Zentroan.
Gure gizartean kontsumoaren indarra agerikoa da, herritarrok ahalik eta gehien kontsumitu ahal izatea abantaila bezala ikusten delarik. Mezu hau ez dator bat garapen iraunkorraren irizpideekin, aitzitik, horren aurkako irizpideak isladatzen ditu. Egunetik egunera kontsumoak duen indarra areagotzen da eta iraunkortasunaren irizpideak alde batera utziz, behar duguna eta behar ez duguna erosten dugu, baliabideen xahuketa eta hondakinen pilaketa bultzatuz.
Kontsumo arduratsuaren alde egiteko asmoarekin, 'Zumaian eskuz esku!' bigarren eskuko azoka antolatuko da Beheko plazan, urriaren 23an, goizez zein arratsaldez (11:00-14:30 eta 16:00-19:00), herritarrei erabilitako produktuak saldu edo dohaintzan emateko aukera eskainiz.
Zumaiar guztiek etxean dituzten produktuak salgai jartzeko aukera izango dute, egoera onean izanik eta produktu erabiliak izanez gero. Gordailu-postua izeneko sistema erabiliko da, herritarren produktuak azokaren egunean jaso eta antolatzaileen laguntzarekin salmenta bideratzeko. Bestetik, urriaren 5etik (asteartea) 17ra (igandea) produktuak Algorri Interpretazio Zentroan uzteko aukera zabalduko da.
Salmentan lortutako irabaziak produktuaren jabearentzat izango dira %100ean. Horrela, onartuko dira:
- Liburuak, pelikulak eta Cdak.
- Arropa eta osagarriak (gerriko, zapi, lepoko...).
- Bazar: jostailuak, apaingarriak, tamaina txikiko tresna elektrikoak.
eta ez dira onartuko:
- Telefono mugikorrak, identifikatzeko klabeak direla eta erabileran sortu daitezkeen arazoak saihesteko.
- Obra-hondakinak (baldosak), industri-hondakinak (pinturak), garabi baten bidez mugitu behar diren altzariak edo bestelako elementuak, etxeko hondakin arriskutsuak (bonbilak), likidoak gordetzen dituzten bidoiak edo txanbilak, edo kantitateagatik kontsideratu daitezkeen industri-hondakinak.
Kontsumo arduratsua bultzatuz herritarren bizi-kalitatea bermatu daiteke, ingurumenarekiko ardura kontuan hartzen den bitartean, baina horretarako, gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da. Kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin eta animatu zaitez, denon parte hartzea behar dugu eta.
Produktuak Algorri Interpretazio Zentroan utzi nahi izanez gero, zentroko ordutegia:
Asteartetik ostiralera: 10:00-13:30 // 16:00-18:30
Larunbatak: 10:00-13:30 // 16:00-19:30
Igande eta jai egunak: 10:00-13:30



