Urriaren 2an elkartuko da berriro Hondakinen Batzorde Herritarra
Irailaren 11n elkartu ziren bigarrenez, eta Zumaiako hondakinen egoera aztertzeaz gain, alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak identifikatu zituzten. Parte hartzen ari diren herritarrek “positiboki” baloratu dute Udalaren ekimena.
“Zumaiako hondakinen %28 biltzen da gaika. Gainontzeko hondakinen %72 bereizi gabeko hondakinen edukiontzira botatzen da. Ondorioz, hondakinen %72 Zarauzko zabortegira doa zuzenean”. Horixe izan zen irailaren 11n ospatu zen Hondakinen Batzorde Herritarrean aztertu zuten datuetako bat. Izan ere, batzorde herritarraren bigarren saio honetan, Zumaiako hondakinen egoera aztertu zuten Elhuyar Aholkularitzako teknikarien eskutik. Egoera aztertu ondoren, parte-hartzaileek gaiaren inguruan eztabaidatu eta hausnartu zuten; alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak identifikatu eta ondorioak atera zituzten.
Zumaiako hondakinen egoerari buruzko azterketa egiteko, Novotec enpresak 2009an egin zuen azterketa erabili zuten oinarri gisa, eta hobetu beharreko hainbat aspektu zehaztu zituzten bileran bildu zirenek: edukiontzi horiaren sistemara bota beharrekoa argiago azaltzea, murrizketa-kanpainak bultzatzea, edota gaikako bilketaren emaitzak hobetzea, besteak beste.
Ikusitakoaren arabera, ondorengoak dira Zumaian gaika biltzen diren hondakin nagusienen datuak, laburbilduz:
| Gaia | Gaika biltzen da | Nahasita biltzen da |
Gaikako bilketaren bilakaera (2003-2009) |
|---|---|---|---|
| Papera eta kartoia |
%56,6 |
%43,4 |
%225 |
|
Beira |
%77,9 |
%22,1 |
%157 |
|
Ontzi arinak |
%20,4 |
%79,6 |
%28,3 |
|
Materia organikoa |
%8,2 |
%91,8 |
- |
Bileran ateratako ondorioen arabera, zenbakiek adierazten dute “ez dela lortu hondakinak sortzeko joera geldiaraztea” baina “gero eta gehiago” bereizten dituztela hondakinak Zumaiako herritarrek. Hala ere, oraindik gaikako bilketa hobetzeko “aukera handia” dagoela aipatu dute. Ondorioen artean jasota daude baita ere, borondatezko sistemak emaitza kaskarrak ematen dituela, edota gaztelerazko 3 R-ak (murriztu, berrerabili eta birziklatu) ez datozela bat errauskailuarekin.
Hurrengo saioa urriaren 2an
Prozesuak irekita jarraitzen du eta urriaren 2an elkartuko da berriro Hondakinen Batzorde Herritarra. 10:00etan izango da bilera Branka Gizarte Zerbitzuen Zentroan. Urrian egingo den bileran parte hartu zuten herritarrez gain, beste norbaitek parte hartzeko interesa izango balu, garaiz dago oraindik. Horretarako, idatzi ingururugiro@zumaiakoudala.net helbidera edo deitu 943865033 telefonora (Aitor Ibarguengoitia, Ingurumeneko teknikaria). Datozen bileretan ere hondakinen kudeaketarekin zuzenean lotura duten hainbat gai landuko dituzte; zaborren murrizketa, atez ateko zabor bilketa sistema, edota erraustegiaren sistema, besteak beste.
Azaroa bitartean jarraituko du hausnarketa faseak eta ondoren, abenduan, prozesuaren balorazioa egingo dute. Hausnarketatik ateratako ondorioak garatuko dira, gero ordezkari politikoei aurkeztu ahal izateko.



