Urriaren 5ean hasiko dira San Jose auzoko igogailua eraikitzeko lanak

2018/09/27

Aurrez, urriaren 3an, Udalak bilera ireki bat egingo du auzotarrekin proiektuaren xehetasunak azaltzeko. Igogailuaren helburua da bertako irisgarritasuna eta bizilagunen mugikortasuna erraztu eta hobetzea.

Urteak daramatzate San Juan auzoko bizilagunak bertako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko duen igogailua eraikitzearen zain eta hori azkenik errealitate bilakatzear dago. Izan ere, itxaronaldi luzearen ostean, datorren urriaren 5ean ekingo die Udalak aipatu proiektuaren exekuzio lanei.

Igogailuaren proiektua, hain zuzen, San Jose auzoak irisgarritasuna hobetzeko duen 11 puntuko Plan Bereziaren ekintza nagusi edota garrantzitsuena da eta hori aintzat hartuta, udal gobernuak, Udalera sartu orduko, hauteskunde programari helduz eta emandako hitza betez, urteak geldirik zeramatzan proiektua abiarazi zuen berriro.

Horretarako, lehenik eta behin, 2016ko abenduan, igogailua jarri ahal izateko ezinbestekoa zen lursaila erosi zuen eta 2017ko lehen hiruhilekoan ideia lehiaketa bitartez eta herritarren botoak kontuan hartuta, behin betiko proiektua aukeratu eta horren idazketa prozesua abiarazi zuen.

Orain, behin proiektua idatzi, onartu eta esleituta, guztia jada prest dago datorren urriaren 5an lanekin hasteko. Horretarako enpresa bakarra aurkeztu da, Altuna y Uria S.A. enpresa, alegia, eta bera izango da proiektua aurrera eramatearen arduraduna. Lanek 7 hilabete inguru iraungo dute eta guztira, 883.891,82€ko aurrekontua izango dute.

Auzotarrekin bilera

Edonola ere, lanek auzoan eragingo duten aldaketa kontuan hartuta eta bertako bizilagunak proiektu horren lekuko zuzen eta nagusienak izango direla jakinik, lanak hasi aurretik, urriaren 3an, asteazkena, Udalak bilera ireki bat egingo du auzotarrekin lanen inguruko xehetasun eta informazio osoa emateko. Bilera arratsaldeko 17:30ean egingo da udaletxeko pleno aretoan.