Urtarrilaren 26an egingo da Zumaiako emakume eta gizonen I. Berdintasun Planaren baitako Gizarte Foroa
Bilera irekia udaletxean egingo da, eta besteak beste, Berdintasun Plana izango denaren ildo nagusiak ezagutarazi eta horren inguruko proposamenak jasoko dira.
Pasa den urrian Zumaiako Udalak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzarekin eta Fondo Formación Euskadi enpresaren eskutik, emakume eta gizonen I Berdintasun Plana egiteari ekin zion. Iaz egindako Berdintasun Diagnostikoan, hainbat esparrutan, oraindik ere, emakume eta gizonen artean desberdintasun nabariak daudela aztertu eta gero, Berdintasun Planak markatuko du hurrengo urteetan Udalak desberdintasun hauek leuntzeko jarraitu beharreko ibilbidea.
Berdintasun plana egiterakoan eta herritarren parte-hartze zabala bermatzeko helburuarekin, hainbat ekintza egin dira azken hilabeteetan, hala nola, arlo desberdinetan bideratu beharreko ekimenak definitzeko eta zehazteko 6 lan-talde egin dira urria eta azaro bitartean: Lana, Osasungintza, Gizarteratzea, Hirigintza/Ingurumena/Mugikortasuna, Hezkuntza, Kultura/Kirola izan dira, jorratu diren esparru desberdinak.
Beste alde batetik azken asteotan, Zumaiako Berdintasun plana egiten ari den Fondo Formación enpresa, elkarte eta eragile desberdinekin biltzen ari da, hainbat eremutako egoera ezagutu eta planari begira landu beharreko ekimenak zehazteko.
Proposamen eta ekarpenak
Horretaz aparte, herritarren proposamen eta ekarpenak bildu eta bideratzeko, Zumaiako Udaleko helbide elektronikora jotzeko aukera egon da eta oraindik badago. Berdintasunaren inguruan edozein iritzi edo proposamen egin nahi duenak hurrengo helbidera jo dezake: komunikazioa@zumaiakoudala.net
Berdintasun Foroa
Prozesu parte-hartzaile honi bukaera emateko, datorren asteartean, urtarrilak 26, arratsaldeko 19.00etan, Zumaiako udaletxean, Berdintasun Foro bat egingo da. Foro hau, interesa duen edonorentzat irekita dago, eta, alde batetik, Berdintasun Plana izango denaren ildo eta irizpide nagusiak aurkezteko , eta bestetik, honen gaineko proposamenak jasotzeko balio izango du.
Beraz, garrantzitsua da Zumaiako elkarte, eragile eta talde desberdinen parte-hartzea Foro honetan; hurrengo lau urtera begira Zumaiako Udalak martxan jarriko dituen ekimenak zehazteko balio izango baitu.



