Urtarrilaren 9an zabalduko da Udalak antolatutako Guraso Eskolan izena emateko epea

2018/01/03
Interesdunek hilaren 18a arte izango dute izena emateko aukera.

Azken urteotan bezala, aurten ere guraso eskolak egingo dira Zumaian urtarrila amaieran hasi eta martxoa bitartean; 6-12 urte bitarteko haurren gurasoentzat bata eta 13-18 urteko gaztetxoen gurasoentzat bestea. Bi eskolak Udaleko Hezkuntza Sailak eta Gizarte Zerbitzuek antolatu dituzte elkarlanean.

Landuko diren gaiak haur eta gazteen heziketarekin lotutakoak izango dira; haur eta nerabeen autoestimua nola zaindu, familiarekiko komunikazioa eta elkarbizitza nola hobetu, neba-arreben edo lagunarteko erlazioak nola kudeatu… Horrez gain, aurten arreta berezia eskainiko zaio bullying eta ciberbullyingaren gaiari.

Saioak urtarrilaren 29an hasiko dira eta martxoaren 12ra arte, astelehenero egingo dira; otsaileko lehen astean izan ezik, astelehenean (5ean) egin ordez, asteazkenean (7an) egingo baita. Saio guztiak Brankako bilera gelan izango dira (atzeko atetik sartuta), 6-12 urte bitarteko gurasoentzat 15:00etatik 16:30era eta 13-18 urteko gazteen gurasoentzat, berriz, 19:00etatik 20:30era.

Bi guraso eskolak gidatuko dituzten adituak Izar Arregi psikologoa eta Joxe Amiama pedagogoa izango dira eta goian aipatutako gaiak landuko diren arren, gurasoek eskolan planteatzen dituzten kezka eta gaiei erantzuten ere saiatuko dira.

Izen ematea urtarrilaren 18ra arte dago zabalik. 6-12 urte arteko haurren guraso eskolan parte hartu nahi duten gurasoek ikastetxean bertan apuntatu ahal izango dute eta 13-18 urteko gazteen gurasoek, aldiz, Brankan,  Udal gizarte zerbitzuetan, hain zuzen.

Informazio gehiago jasotzeko 943 86 22 00 edo 943 86 50 25 (luzapena 110) telefonoetara deitu dezakete interesdunek.