Urte bukaera baino lehen hartuko du bere gain Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako San Juan egoitza

2015/04/23

Gaur goizean, San Juan egoitzan izan dira Foru eta Udal arduradunak aldaketaren inguruko xehetasunak azaltzen.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguez, eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo García Zumaiako San Juan egoitzan izan dira Udaleko Iñaki Agirrezabalaga alkaterekin eta egoitza horretako zuzendari den Arantxa Aizpuruarekin batera, gaur, egoitzako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hilean sinatuko dute udal egoitza Diputazioari eskualdatzeko hitzarmena eta beharrezkoa den azken izapidea egingo dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa betez. San Juan egoitza Foru Aldundiaren Kabia erakundearen eskuetan geldituko diren lehen egoitzen artean dago. Hitzarmenari esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak. Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa, aldiz, 2018. urtea baino lehen hartuko du bere gain Aldundiak.

Diputatua pozik azaldu da eskumenak berrantolatzeko prozesuak daraman bidearekin, horri esker erantzun bat ematen baitzaie udalen aldarrikapenei eta Legeak agindutakoa bete baitaiteke. Gainera, foru eta udal arduradunek langileen ordezkariekin izandako bileran gogorarazi dute Foru Aldundiak blindatu egin dituela zentroetako langileen lan baldintzak, udalekin sinatu beharreko hitzarmenetan klausula bat erantsiz lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko zaiela bermatzeko. Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere. Zumaiako San Juan egoitzak 40 langile inguru ditu eta 52 egoiliar artatzen ditu.

Alkateak gogoratu du, iazko abenduko plenoan onartu zela Aldundiak eta Udalak sinatu beharreko hitzarmena, baina Batzar Nagusiek orain gutxi eman diotenez onarpena, data eta zehaztasun txiki batzuk medio, datorren astean egingo den ohiko plenora eramango dutela berriro hitzarmena berresteko. Zumaiako Udalak egoitzak, orain arte bezala, herriarentzat eta bertan lan eta bizi diren pertsonentzat zerbitzu egoki eta ona ematen jarraitzeko lanean segitzeko eskatu die Aldundiari eta bertako langileei. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitza horien kudeaketa bere gain hartzeko, eta prozesua hiru fasetan osatuko da. Aurten bertan, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua, eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie. 2016rako Kabia organismoak beste sei egoitza kudeatuko ditu: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. Bukatzeko, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasako dira Foru Aldundiaren eskuetara 2017 eta 2018an. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako egutegia beteko da, eskumenen eskualdatzea osatzeko 2018. urtea jarri baitzuten epemuga gisa.  

 

Foru diputatuak iragarri du datozen egunetan jarraitu egingo duela Foru Aldundiaren eskuetara pasako diren egoitzak bisitatzen, bertako erabiltzaileei eta langileei lasaitasun mezu bat helarazteko. Oraingoz, Villabona, Azkoitia eta Zumaian izan dira.