Urtea osasuntsu bukatzeko, Biko Lasterketa
Larunbatean, urteko azken egunean, urtea osasuntsu eta giro onean bukatzeko Biko Lasterketa mixtoa egingo da; 12:15ean gaztetxoen lasterketa izango da, eta 12:30etan helduena. Izen emate epea ostiralean bukatuko da, bitartean Lubaki kiroldegian eta Turismo bulegoan eman daiteke izena.
2011 urteko azken eguna osasuntsu eta giro paregabean pasatu nahi dutenek, aukera ederra izango da Zumaian. Aurtengorako ere Biko Lasterketa antolatu dute Zumaiako Udalaren Kirol eta Berdintasun Departamenduek.
Lasterketa honen helburu nagusia herritarrak kirola egitera animatu, eta kirolean parte hartzea bultzatzea da. Eta herritarren artean, bereziki emakumeak animatu nahi ditu Zumaiako Udalak kirola egitera. Horregatik hasi ziren Biko Lasterketa mixtoa egiten.
Lehia alde batera utzi, eta herrian,lagun artean ondo pasatzea du helburu lasterketak, eta horregatik, ez da saririk izango. Izen ematea ere doakoa izango da. Hala ere, Zumartian Merkatari Elkarteak eta Udalak parte hartzaile gazte zein helduen artean zozkatuko diren saritxo batzuk banatuko dituzte. Beraz, lasterketa horretan parte hartzea izango da garrantzitsuena.
Aurtengorako bi modalitate beharrean hiru izango dira. Bikoteko bietako batek korrika egin beharko du, baina, besteak, aukeran izango du korrika, bizikletan edo patinetan egin. Ibilbidean zehar, modalitatea aldatzeko aukera ere bikotearen esku gelditzen da. Hala ere, bada baldintza bat lasterketan. Korrika egiten duena joan beharko du lehenen. Hau da, korrikalariaren ondoan edo atzetik joan behar du korrikalariak, ezingo du aurretik joan.
Bi lasterketa saio egingo dira, bata haur edo gaztetxoentzat izango da, eta 2 kilometro inguru izango ditu. Bestea, berriz, helduentzat izango da eta 5 kilometro eta erdi inguru izango ditu. Izen emate epea zabalik dago, dagoeneko, eta Turismo Bulegoan eta Lubaki kiroldegian eman daiteke izena.



