Urtebete herriari kultura eskainiz
Maiatzaren 11tik 13ra bitartean ekintza ugari antolatu ditu Udalak urtemuga hori ospatzeko.
Urtebete da Udalak Alondegia eraberrituta ireki eta kultur azpiegitura bilakatu zela. Neurri horrekin, kultur etxea herrigunean, denen eskuerara jarri zuen. Izan ere, ordura arte, Forondan kokatuta zeuden Udaleko kultur egoitza eta liburutegia.
Urtebete honetan herriko taldeek berena sentitu dute Alondegia, eta horren erakusgarri da bertan antolatu diren hitzaldi, kontzertu, erakusketa, bilera eta bestelako ekitaldien kopurua. Adibide bezala jartzearren, Oxford aretoan egiten diren erakusketak 2013rako programatzen ari dira, dagoeneko, eta urte hori ere betetzear da. Erakusketei herritarrek emandako erantzuna ere bikaina izan da; izan ere, urtebetean 10.000 ikusletik gora pasatu dira aretotik.
Esan bezala, urte honetan denetariko kultur espresioek izan dute tartea Alondegian: Hitzaldiak, kontzertuak, erakusketak, antzerkiak, ipuin kontaketak, bilerak.... eta denek lekua izan dezaten koordinazioa bilatu eta lortu da. Hemendik aurrera ere bide horretan gauzak oraindik eta hobeto uztartzeko lanean arituko dira udal teknikari eta arduradunak.
Liburutegia
Alondegian bertan daude orain dela urtebetetik haur liburutegia eta udal liburutegia ere. Urtebete honetan, liburutegia askoz ere jende gehiagok erabili du. Horren erakusle dira datuak. Liburutegiaren erabiltzaileen kopuruak % 91 egin du gora. Eta liburutegiko txartela atera eta bazkide egin direnen kopurua hirukoiztu egin da. Gaur egun, 4.121 pertsonek dute bazkide txartela.
Bazkide kopuruak gora egitearekin batera, liburuen mailegu kopuruak ere nabarmen egin du gora. Lehen urtebete honetan, 2010ean baino %40 mailegu gehiago izan baitira.
Urteurrenean, kultur ekintza gehiago
Kultur etxearen urteurrena aitzakia hartuta maiatzaren 11tik 13ra bitarteko asteburuan kultur eskaintza zabala eskainiko da. Urteurrena antolatzerakoan, urte osoan egin ohi den filosofia bera erabili du Udalak: herriko talde eta norbanakoen lanak eskaini nahi izan ditu. Izan ere, udalak herriko kultur eragileak bultzatu nahi ditu. Hala, Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala izango da ikusgai ostiral, larunbat nahiz igandean. Horretaz gain, Xabier Irureta Forondako pintura tailerreko ikasle izandakoaren erakusketa ere izango da ikusgai. Erakusketako koadroek Zumaiako txoko ezberdinak eta herriko jende ezaguna dute gaitzat.
Bi ekintza horietaz gain, beste hainbat ikuskizun ere izango dira. Hona hemen egitarau osoa:
Maiatzak 11, ostirala
19:30: Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.
22:00: Oxford aretoan antzerkia: Aldatzen Laguntzen taldearen Ispilua.
Maiatzak 12, larunbata
19:00: Los trotamúsicos soul taldea, Kofradian,.
19:30: Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.
22:00: ‘EUSLANDIA- Unibertso Txiki bat’ (musika, antzerkia, pintura..) ikuskizuna Oxford aretoan.
Maiatzak13, igandea
18:00: Mondo Lironda pailazoen Dinosauro Egitasmoa (Apika taldea).
19:30: Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.
Ekitaldi guztietan sarrera doakoa izango da, eta Jon Maiaren dokumentala maiatzaren 11n ikusi nahi duenak gonbidapena jaso beharko du aurrez turismo bulegoan (maiatzaren 9tik atzera izango dira bertan)



