Urteko azken egunean, lasterketa mixtoa
San Silbestre egunean lasterketa mixtoa egingo da; korrika eta bizikletan egin beharko dute 5,2 kilometroko ibilbidea parte hartzaileek.
Abenduaren 31rako, San Silbestre egunerako, bikotekako lasterketa mixtoa antolatu du Zumaiako Udalak lehen aldiz. Helduentzat eta gaztetxoentzat prestatu dira probak, eta dagoeneko irekita dago izen emateko epea. Helduen probak 5, 2 kilometro izango ditu, eta gaztetxoenak (10-16 urte bitartekoentzakoak), berriz, 2 kilometro. Bikoteak neska eta mutil banarekin osatu behar dira, eta ibilbidea korrika nahiz bizikletan egin beharko da. Hau da, ibilbidea korrika eta bizikletan egin beharko da, baina ez da zertan hasi bezala bukatu beharrik izango. Izan ere, ibilbidean aldatzeko aukera ere izango baita. Hala, bizikletan hasten duenak lasterka buka dezake ibilbidea. Nahi den bezala.
Izen emateko epea zabalik dago, dagoeneko. 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei eskolan izena emateko aukera emango zaie datozen egunotan. Helduek, berriz, Turismo bulegoan eta Lubaki kiroldegian dute izena emateko aukera. Izen ematea doakoa da.



