Urtetik urtera ikasleen bisitek gora egin dute Algorri Interpretazio Zentroan
2006an 1.161 ikaslek bisitatu zuten zentroa eta aurten jada 3.297 ikasle pasa dira Algorritik. Bertako heziketa eskaintza Lehen Hezkuntzako 1go mailatik Batxilergoraino zabaltzen da. Kurtso honetarako, gainera, Unitate Didaktiko berriak prestatu dituzte.
Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak 2009. urtean eskainitako hezkuntza jardueraren "balorazio baikorra" egin du, izan ere, gero eta ikasle-irakasle talde gehiago joaten da zentrora urtetik urtera. 2009. urterako egindako erreserbak kontuan hartuz, 2008ko ikasle kopurua %32an areagotuko dela aurreikusten da.
Hala, urtetik urtera gora egin du ikastetxeen bisita kopuruak. 2006an, esaterako 1.161 ikaslek bisitatu zuten zentroa; 2007an 2.016k; iaz 2.494; eta aurten jada 3.297 ikasle pasa dira Algorritik.
2009-2010 ikasturterako, gainera, Unitate Didaktiko berriak sortu dituzte Interpretazio Zentroan eta Zumaiako geologia aztertzeaz gain, herrian aurki daitezkeen ekosistema natural ezberdinak lantzeko bidea izango dira: Biotopo Babestua izendatu den marearteko zabalgunea, batetik, eta Batasuneko Garrantzizko Lekua osatzen duten Urola itsadarreko ekosistemak, bestetik.
LH 1etik Batxilergorainoko eskaintza
Heziketa eskaintza Lehen Hezkuntzako 1go mailatik Batxilergoraino zabaltzen da eta ibilaldi zein tailer ezberdinak burutzeko aukera anitzak eskaintzen zaizkie. Horren ondorioz, “zentroaren eskaintza aberastu” eta bertaratzen diren ikasle taldeak “modu nabarmenean handitu” direla azpimarratu dute Algorriko arduradunek.



