URTEZAHAR GAUEAN EGINDAKO EKINTZA BANDALIKOAK GAITZETSI DITU UDALAK
Hondamendi horiek guztien arteko bizikidetza egokia eta zumaiar ororen ongizatea oztopatzeaz gain, herritarren segurtasuna arriskuan jarri ahal izan dutela azpimarratu du Udalak.
Urteko azken eguna egun berezia da, festa eta ospakizun eguna hain zuzen. Herria jendez gainezka egon ohi da eta alaitasuna nabari da kaleetan. Aurten gainera, Zumaiak protagonismo berezia izan du, San Telmo baseliza izan baita milaka eta milaka lagunek urtea agurtzeko aukeratutako agertokia.
Urtarrilaren 1a, ordea, ez da horren alai argitu Zumaian. Urte zahar gauean suntsiketa ugari egin dira herrian eta eraso eta ekintza bandaliko horien aurrean, Udalak txikizio guztiak salatu ditu. “Udala ereu publiko zein pribatuan egiten diren edozein ekintza bandalikoren aurka dago eta horrelako jarrera guztiak gaitzesten ditu”.
Ekintza bandalikoen artean, Erribera eta Angeles Sorazu kaleen artean dagoen edukiontzi bat erre eta Goiko tabernako toldoari su eman zioten; zorionez, sutea garaiz itzaltzea lortu zuten eraikinean kalte handiagorik sortu gabe. Horrez gain, Saregileen plazako loreak kendu, hainbat garaje pribatuetan su-itzalgailuak hustu eta Gabonetako argiteria eraitsi eta apurtu dituzte. “Horrelako ekintzek, zuzenean sortzen dituzten kalteez gain, zumaiarron arteko elkarbizitza egokia oztopatu besterik ez dute egiten. Gainera, Gabonetako argiteriaren kasuan, instalazioan segurtasun neurri guztiak bermatuta badaude ere, argiak eraisteak arriskuan jarri dezake edonoren segurtasuna”, adierazi du Udalak.
Amaitzeko, herritarren arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko errespetua oinarri izango duen herri baten alde lan egiten jarraituko duela berretsi du Udalak.



