Uztailaren 6tik 30era egingo dira Zumaiako Udaleku Irekiak
Familia ugariek abantailak izango dituzte eta aurten lehen aldiz, udalekuetarako izen-emate orria internetez eskuratu ahal izango da, Udalaren webgune honetan
Gaur (maiatzak 22, ostirala) zabaldu dute 3 urtetik 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako Zumaiako Udaleku Irekietarako izen-ematea. Uztailaren 6tik 30era egingo dira aurten udalekuak eta ohi bezala, bi txandatan banatuko dituzte.
Lehenengo txanda uztailaren 6tik 17ra izango da; bigarrengo txanda, berriz, uztailaren 20tik 30era. Bi txandetan izena eman nahi dutenek, hau da, hil osoko udalekuetan apuntatu nahi dutenek, 70 euro ordaindu beharko dituzte. Aldiz, txanda batean izena ematen dutenek 41 euro ordaindu beharko dituzte.
Abantailak familia ugariei
Familia ugariek abantailak izango dituztela jakinarazi dute Udaleko hezkuntza departamentutik. Hil osorako apuntatzen direnek 60 euro ordaindu beharko dute, eta txanda bakarrera apuntatzen direnek 37 euro.
Maiatzaren 29a azkeneko eguna
Udaleku Irekietan izena emateko azkeneko eguna maiatzaren 29a izango da. Aurten, lehen aldiz, izen-emate orria Udalaren webgune honetan eskuratu ahal izango da. Gero, orria beteta Zumaiako ludotekan (Itsas Kiroldegiaren eraikinean) edo udaletxeko Euskara Zerbitzuetan entregatu beharko da.



