Vitoriano Arrate kaleko argiztapenean aldaketak

2010/01/14

Argiteria publikoaren inguruan Udalak egindako azterketan oinarritu dira aldaketak egiteko, eta aurrerantzean, kale horretako argiteria publikoaren instalazio erdia ez da erabiliko.

 

Zumaiako Udalak joan den martxoan argiteria publikoaren inguruan egindako ikerketan oinarrituta, Vitoriano Arrate kaleko argiztapenean zenbait aldaketa izango dira. Kale horretako argiteria publikoaren instalazio erdia ez da erabiliko aurrerantzean. Argi kopurua jaisteak, hala ere, ez du baldintzatuko oinezkoen eta bertako bizilagunen segurtasuna.

Martxoan egindako azterketa horretan, eraginkortasun energetikoaren eta argi kutsadura aztertu zituen Udalak eta horren ondotik, zenbait neurri zuzentzaile hartu nahi ditu orain. Vitoriano Arrate kalearen kasuan ere, ondorio horretatik abiatuta gutxitu dute argi kopurua.

Hiru helburu nagusi

Neurri horiekin, hiru helburu edo jomuga nagusitara iritsi nahi du Udalak: batetik, argiaren kontsumoa gutxitzea; bestetik, argi kutsadura ahal den neurrian ekiditea; eta hirugarrenik, herritarrek argiteriaren erabilpenean kontzientzia hartzea.