Vivaldiren inguruko lezioa izan da Impromtu taldearen kontzertua

2009/08/04

Atzo iluntzean komentuan eskeini zuten 'Venecia, el violín y Antonio Vivaldi' ikuskizun didaktikoa. Gaurkoan Joaquin Asiain tenorra & Littmann Quintett-en 'El género escénico' lan apartekoa izango da ikus-entzungai leku berean

 

Zumaiako 25.Musika Jaialdiko hirugarren egunean, musika barrokoko pertsona ospetsuenetarikoaren bizitza aurkeztu zuten Impromtu taldeko Teresa García, Estibalitz Urkizu, Itziar Bizkarralegorra, Gorka Mardaras eta Pedro Martinezek. Inguruabarrek lagunduta, oso musika-sortzaile emankorra izan zen Vivaldi, eta atzoko kontzertuan haren zein haren garaiko lanak erabili zituzten Il prete rossoren izatea azaltzeko. Lau urtaroak, 'Il cardellino' flautazko kontzertua re maiorrean, 'Gloria' re maiorrean, 'Orlando furioso' opera, J.S. Bach-ek eginiko Vivaldiren bibolinerako kontzertuaren klabezinerako transkripzioa eta G.P. Telemann-en biolarako kontzertua sol maiorrean izan ziren atzo jotako pieza batzuk.


Gaurkoan 'El género escénico'

Gaueko 22:00etatik aurrera San Jose komentuan berriz ere, Joaquin Asiain tenorra eta Littmann Quintett zurezko haize boskoteak generoari eta osaerari dagokionez bakarra den kontzertua eskeiniko dute. Eszenarako konposatutako musikari egindako omenaldia da eta oberturen sintesi moduko bat biltzen du hauen lanak. Baita operen, zarzuelen eta Vienako opereten ariak ere, tenorraren ahots agerikoak eta soinu altuenak gehituta. Verdi, Serrano, Rossini eta Strauss bezalako egileak bateratzen dituen antzerki generoa jorratuko dute haien lanak joz, eta argumentuari zentzua emango diotenak amodioa eta heriotza izango dira.

 

 

Zumaiako 25. Musika Jaialditik geratzen dena

 

4, asteartea
Joaquin Asiain eta soka laukotea. 22:00etan Komentuan.

5, asteazkena
Garnati Minstrels. 22:00etan  Komentuan.

6, osteguna
‘Txatarreria Keaton’ musika eta zinema. 22:30ean Ondartxo plazan.

8, larunbata
Donostiako orfoiea. 21:00etan parrokian. 

9,  igandea
‘Cartoon Brass’ metal taldea. 20:00etan Mari kalean.

12, asteazkena
Conductus Emsemle ‘Dido & Eneas’. 22:00etan Maria eta Jose aretoan.