Xafla berriak etxeen izen zaharrentzat

2020/02/17

Mapa toponimiko berrian ahalegin berezia egin du Udalak etxeen izen zaharrak biltzeko. Horietako batzuk ezagutarazteko errotuluak jarri dira hainbat ataritan.

Mapa toponimiko berrian ahalegin berezia egin du Udalak etxeen izen zaharrak biltzeko eta, aurkezpenean esan bezala, izen horietako batzuk ezagutarazteko altzairuzko 18 xafla edo errotulu egin ditu, agirietan begiratu eta izenen berri eman zuten herritarrei eskerrak emateko.

Zahar itxura izateko, herdoildu eta tratamendu berezi bat eman diete altzairuzko xafla horiei, eta udal brigadako langileek jarri berri dituzte, gehienak Goiko plaza inguruko atari batzuetan: Apallokoa, Amezketakoa, Arteagakoa, Murgaetxea, Andresperezenekoa...

Udalaren asmoa da ekimenarekin jarraitu eta hurrengo txanda batean beste etxe batzuetan ere antzekoak jartzea, betiere bizilagunak ados egonez gero. Horretarako, interesdunek Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko dute, udaletxeko 1. solairuan, eta ahal dela izen zaharren berri eman agiri bidez.