XIII. Zakila Bira probarako izen-ematea zabalik dago

2009/09/07

Urriaren 3an izango da lasterketa eta 850 korrikalarirentzako tokia izango da. Webgune honetan eta herrikrossa.com atarian eman daiteke izena.

 

Irekita dago jada XIII. Zakila Bira lasterketarako izen-emateko epea. Urriaren 3an (larunbata) jokatuko da proba, 17:00etan hasita eta Udaleko Kiroletako Sailetik jakinarazi dutenez, gehienez 850 dortsal banatuko dituzte.

20 kilometrok osatuko dute ibilbidea. Zumaiako Erribera kaletik aterako dira korrikalariak eta Arroa, Iraeta, Aizarnazabal eta Oikia igaro beharko dituzte, gero, berriz ere Erribera kalera itzultzeko, han egongo baita helmuga.

 

Zakila bira_ibilbidea

 

Ohiko tokietan eman daiteke izena, hala nola: Lubaki kiroldegian, Zarauzko NereSport-en (943131689) eta Donostiako Laister kirol dendan (943430704). Horrez gain, Udalaren www.zumaia.net webgunean eta herrikrossa.com atarian ere eman daiteke izena.

Lasterketa egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. Itsas kiroldegian, 16:15ak arte egongo da horretarako aukera. Aurrez apuntatzen direnek 10 euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte hartzeko, egunean bertan apuntatzen direnek, aldiz, 13 euro.

Sariak

240 euroko saria eskuratuko dute aurrena iristen direnek, emakumezko zein gizonezkoen kategorian. Bigarrenak, berriz, 150 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 120 euro. Horrez gain, parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute antolatzaileen eskutik eta zozketak ere egingo dira.

Kirol Sailetik jakinarazi dutenez, lasterketa bukatu ostean, Itsas Kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute korrikalariek.

Informazio gehiago jaso edo izena emateko klikatu hemen.