XpressionK! zirkuituan izena emateko epea ostegunean amaituko da

2009/10/13

Ekimenak herrian izandako harrera ikusita, Udaleko Kultura Sailak bigarren deialdi bat luzatu die herriko tabernariei zirkuituan parte hartu dezaten.

 

XpressionK zirkuituan izena emateko bigarren deialdi bat ireki berri du Udaleko Kultura Sailak. Udaberrian egin zen deialdiari erantzunez, taberna batzuk zirkuituaren barruan sartu ziren eta azken hilabete hauetan kontzertuak burutu dira eskatutako tabernetan.

Proiektuaren baitan, Udalak estaltzen du kontzertuko gastuen %50a, eta ahal den guztietan, herriko musika taldeak hartzen dira kontuan.


Urriaren 15a baino lehen

Ekimenak herrian izandako harrera ikusita eta taberna guztiek proiektu berritzaile honetan parte hartzeko aukera izan dezaten, Kultura Sailak bigarren deialdi bat luzatzea erabaki du. Interesatuta dauden tabernariei urriaren 15a baino lehen, kultur teknikariekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Horretarako Foronda Kultur Etxera deitu (943 861056) edo foronda@zumaia.net helbidera idatzi daiteke.