XXXV. Herri lasterketa ospatuko da otsailaren 23an Zumaian

2019/02/21

Heldu zein haurrek parte hartu ahal izango dute eta interesdunek www.herrikrosa.eus webgunean izena eman beharko dute. Aurtengo edizioa berezia izango da, erretiroa hartzera doanez, 35 urteotan lasterketa hau antolatzen ibili den Fran Aizpurua kirol teknikariari omenaldia eskainiko baitzaio

Datorren otsailaren 23an, larunbata, Zumaiako herri lasterketaren XXXV. edizioa ospatuko da. Dagoeneko zabalik dago lasterketan izena emateko epea, beraz, interesdunek www.herrikrosa.eus webgunean eman beharko dute izena.

Lasterketak

Lasterketa guztiak Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta bukatuko dira. Lehenik eta behin, 15:45ean, haurren herri lasterketari emango zaio hasiera. Maila ezberdinetan banatuta egingo dute saltaka eta lasterketan izen ematea guztiz doakoa izango da.

  • 15:45ean alebinak (2007-2008an jaiotakoak): 1.050m
  • 16:10ean infantilak (2005-2006ean jaiotakoak) 2.100m
  • 16:10ean kadeteak (2003-2004an jaiotakoak) 2.100m
  • 16:30ean benjaminak (2009-2010an jaiotakoak): 300m
  • 16:35ean aurre benjaminak (2011-2012an jaiotakoak): 300m. Azken hauek guraso batez lagunduta parte hartu beharko dute.

Haurren korrika saioa amaituta, 17:00etan, helduen lasterketaren txanda izango da. Kasu honetan, parte hartzaileek bi lasterketen artean aukeratu ahal izango dute; laburra bata, 5.600 metrokoa, eta luzea bestea, 10. 200 metrokoa.  

Helduen kasuan, lasterketa laburrean parte hartu ahal izateko 11€ ordaindu beharko dituzte eta luzerako, aldiz, 13€. Izen-ematea egunean bertan eginez gero, prezioa garestiagoa izango da. Sari banaketa 18:30ean hasiko da Eusebio Gurrutxaga plazan.

Fran Aizpuruari omenaldia

Krosaren aurtengo edizioa berezia izango da, erretiroa hartzera doanez, 35 urteotan lasterketa hau antolatzen ibili den Fran Aizpurua kirol teknikariari omenaldia eskainiko baitzaio. Esan bezala, Fran Aizpurua 35 urte hauetan ibili da lasterketa honen antolaketan, udalean lanean hasi zenetik hain zuzen ere. Lasterketaren sortzaileetako bat da eta Zumaiako kirolaren alde lan eskerga egin du 35 urteotan. Hori dela eta, Udalak eta Zumaiako kirol elkarteek merezitako omenaldia eskainiko diote, bere esker ona adierazteko. Omenaldia haurren lasterketak bukatu eta helduenak hasi bitartean egingo da.