Yolanda Arrietak emango du literatura tailerra

2012/01/09

Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatuta, aurtengoan ere literatura tailerra izango da urtarrilaren 28tik otsailaren 18ra. Izen emateko epea zabalik da urtarrilaren 20a arte.

 

Urtero bezala, aurten ere literatura tailerra antolatu du Euskara Zerbitzuak. Urtarrilaren 28an hasi eta otsailaren 18an bukatuko da. Alondegia kultur etxean izango dira saioak, larunbatetan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara bitartean. Guztira 12 orduko tailerra izango da, eta Yolanda Arrieta idazlea arituko da irakasle.

Matrikula egiteko 30 euro ordaindu beharko dira eta izena urtarrilaren 20a baino lehen eman beharko da Euskara Zerbitzuan, 943865025 telefonora deituta (109 luzapena) edo euskaratxanpan@zumaiakoudala.net helbidera idatzita. Plaza kopurua mugatua izango da (16 lagun gehienez).

Ikastaroari buruzko xehetasun hauek eman ditu Yolanda Arrietak berak.

 

NItikGUra idazketa sortzailea

Literaturgintza bakarkako lana izan arren, bakarrik nahiz taldean entrena gaitezke.

Beraz, hasteko, beroketa jokoak egingo ditugu, eskua askatu, luma berotu eta irudimena martxan jartzeko.

Ondoren, literaturaren oinarrizko kategoriak erabiliko ditugu abiapuntutzat, testu laburrak sortzeko.

Azkenik, zenbait idazleren testuez baliatuko gara, literatur genero desberdinen baliabideak lan-tresna bilakatzeko.

Zein da helburua? Zakukada hazirekin itzultzea etxera.

Izan ere, Literaturgintza bakarkako lana izan arren, zeregin horretan aritzea askoz zirraragarriagoa delako biltegia beteta eta zer kontatua borborka dugunean.

Yolanda Arrieta

www.nitikgura.com