'Yucca Gloriosa' landare inbaditzailea kentzeko kanpaina abiatu du Udalak
Santiago hondartzan daude mota honetako landare gehien, eta 48 bat landare sustraitik aterako dituzte.
Atzo, astelehena, abiatu zuen Udalak Yucca Gloriosa landare inbaditzailea kentzeko kanpaina. Espezie hau Euskal Autonomi Erkidegoan oso murritza den arren, Santiago hondartzako dunetan eragin nabarmena izaten ari da, eta hori dela eta erabaki du Udalak landare inbaditzaile honen garbiketa egitea.
Era horretan, 48 bat landare sustraitik aterako dira eta gainerako guztiak errotik moztuko dira. Auureikuspenen arabera, hiru bat aste iraungo dute lan horiek. Esku-hartzeak, hala ere, jarraipena izango du, ezinbestean. Udaleko ingurumen sailetik azaldu dutenez, “denbora behar du landare inbaditzaileak errotik ezabatzeak”.
Eragile desberdinen arteko lankidetza
Udala Zumaiako Natur Taldearekin lankidetzan ari da landare inbaditzaileen kontrako esku-hartzeak egiten eta Yucca-ren kontrako plan honek Eusko Jaurlaritzako Itsasertzen Zuzendaritza Orokorroraren eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Departamentuaren onespena jaso du.
Andoni Etxaniz Ingurumen zinegotziak honakoa gaineratu du kanpainari buruz: “Orain abiatu den kanpaina honetan, Zumaiako Natur Taldearen eta Udalaren artean zehaztu ditugu lehentasunak eta ekintzak. Aurrera begira, dena den, gai honi lotutako konpetentziak dituzten beste erakundeetatik ere lankidetza lortzen saiatuko gara. Erakunde batek ingurune honi babes maila zehatza onartu ondoren, ekintza zuzentzaileak aurrera eraman behar dituelako”.



