Zabalik da Alondegia

2011/05/11

Gaur, 12:00etan egin da herritarrentzat lehen bisita gidatua. 18:00etan beste bisita gidatu bat izango da, eta 19:00etan, Gorka Zabaletak Alondegia bera gai duela prestatutako argazki erakusketa inauguratuko da.

 

Gaur 12:00etarako zumaiar ugari bildu da Alondegiaren aurrean. 12:00etan zen Alondegi eraberritua ikusteko lehen aukera, eta herritarrek ongi aprobetxatu dute. Izan ere, herritar talde ederra osatu da bisita gidaturako. gaur 18:00etan bisita egiteko bigarren aukera izango da.

Bisita gidatuan, Alondegi eraberritua ikusi eta ezagutu dute bertatik bertara. Beheko solairuan erakusketa gela bikaina egokitu dute. Bertan, gaur 19:00etan irekiko den Gorka Zabaletak Alondegia itxi aurretik ateratako argazkiekin prestatutako argazki erakusketa dago.

Lehenengo solairuan, Berdintasun eta Gaztedia Sailaren eta Kultura Sailaren bulegoak daude. Horretaz gain, liburuzainaren bulegoa eta bi bilera gela handi ere baditu lehen solairuak. Ondorengo solairuak berriz, liburutegiak hartzen ditu. Bigarren solairuan haur eta gaztetxoentzako liburutegia egokitu da, eta hirugarrenean, helduentzako izango dena. Azken solairuan, berriz, ikasteko eta taldeko lanak egiteko txokoak izango dira. Eraikin osoan wi-fi sistema ezarri da, eta helduen nahiz gaztetxoen liburutegian ordenagailuak ere jarri dituzte.

Helduen liburutegia, gainera,  ohikoa baino ordutegi zabalagoarekin irekiko da. Ikasleentzat azterketa garaia kontuan izanik, gaurtik ekainaren bukaera aldera arte goizeko 09:30etik 20:00ak arte irekita izango da astelehenetik ostiralera bitartean. Larunbatetan, berriz, 09:30etik 13:30etara izango da zabalik. Azterketa garaia bukatu ostean, bere ohiko ordutegia 9:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da astelehenetik ostiralera. Larunbatetan, berriz, ordutegi berdina izango du 09:30etik 13:30etara.

Haur eta gaztetxoentzako liburutegia 16:00etatik 20:00etara izango da irekita astegunetan. Larunbatetan, aldiz, 09:30etik 13:30etara irekiko da.