Zaborra eramanda, amaitutzat eman dute biotopoa garbitzeko lehen auzolandegia
Zumaiako Udalak eta Kutxak elkarlanean antolatutako ekimena izan da bukatu berri dena. Uztailaren 20tik abuztuaren 2ra bitartean Gipuzkoako hainbat gaztek eskuz bildutako zabor guztia helikoptero baten bitartez kamioietan sartu eta Urtetako zabortegira eraman dute gaur (osteguna). Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan “argi ikusten dira lanaren emaitzak, eta jarraitu egingo dugu garbiketarekin”
Ekainak 23an Zumaia eta Mutriku arteko itsaslabarra garbituko zuen auzolandegia aurkeztu ondoren, zaborra gaur iritsi da Urtetako zabortegira. Horretarako, inguruak garraiorako sortzen zituen zailtasunak ikusirik, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratatutako helikoptero bat aritu da itsaslabarrean zaborrez beterik zeuden zakuak hartu eta Elorriagako atsedenlekuan aurkitzen ziren kamioiengana eramaten. Jarraian, zama guztia hartu eta hasieratik behar zuen tokira eraman dute.
Hamabost gazteren lana
Lan zikina uztailaren 20tik abuztuaren 2ra bitartean Zumaiako Udalak eta Kutxak lehenengo aldiz antolatutako auzolandegian parte hartu zuten 15 eta 18 urte bitarteko 13 gaztek eta bi begiralek egin zuten. Algorri eta Sakoneta bitarteko haitzetan zabor gehien zegoen inguruan kokatu, objektu bakoitza eskuz hartu eta zaku handi batzuetan sartu zituzten marea kontuek uzten zieten bitartean. Guztira 57 zaku izan dira.
Asier Hilario biotopoaren zuzendari tekniko eta auzolandegiaren arduradunaren ustetan lan garrantzitsua da eginikoa: “Biotopoaren izendapenak hiru helburu nagusi jasotzen zituen bere baitan: ikerketa, ondare geologikoa eta berreskuratzea. Lehenengo bietan lan asko egin da orain artean, eta orain hirugarrenari heldu zaio”. Egurra gerorako utzi eta gehienbat plastiko mordoa jaso da, eta dinamika sinbolikoa iruditzen zaio Asierri beranduago ikusiko baitute guztiek “zenbat eta zein abiaduratan zikintzen den”.
Hala ere, bere ustez gazteek egin duten bakarra ez da lana izan: “Inguruneaz disfrutatu eta trekking, surfa, urperaketak…eginez ondo pasatzeko aukera izan dute”. San Juan egoitzako mojen etxean hartu zuten ostatu partaideek. Andoni Etxaniz alkateordearen esanetan, hasieratik iruditu zitzaien egokia proposamena, eta Udaletik horretarako azpiegiturak jartzeko prest agertu ziren.
Ikusmin handia amaieran
Abuztuaren 10ean agertzea espero zen arren, gaur (osteguna) agertu da helikopteroa zakuak Elorriagako atsedenlekura eramatera, eta baita ondoren handik Urtetako zabortegira eramango zituen kamioia ere. Goizeko 9:00etan han elkartu dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea, Andoni Etxaniz alkateordea eta Kutxaren ordezkaria. Gustura agertu dira guztiak auzolandegiaren emaitzarekin, eta ahaldunak emaitzak "argi" ikusten direla esan eta garbiketa lanarekin jarraituko dela esan du.
Biotopoak gaur egun duen garrantzia ikusirik medio ugari ere gerturatu dira, eta helikopterotik guneari begiratu eder bat izateko aukera izan dute. Ondoren lanean hasi da aparatua, eta berehala jaso ditu gazteek bildutako 57 zakuak. Han kamioiak jaso, eta Urtetako zabortegian amaitu dute.



