Zaintzarako espazio baten proposamena lantzen hasi da Zumaiako Prebentzio Mahaia

2026/06/19

Azken urteotan zaintza ereduaren inguruan egindako lanketaren emaitzak gauzatzera bidean, proposamen zehatza garatzen hasi da Prebentzio Mahaia. Zaintza espazio bat sortzeko proiektua lantzen hasi da, hain zuzen, eta Torreagako etxebizitzen udal espazioan kokatzea hobetsi dute. Atzo egin zuten espazioa bera antolatzeko eta eskaini daitezkeen zerbitzuak zehazteko saioa, Emakumeon* Etxean, Juntura kooperatibako arkitektoek gidatuta.

Zumaiako Prebentzio Mahaiak zaintzaren inguruan egindako prozesuaren barruan beste urrats bat eman du aste honetan: Torreagako etxebizitzetan udalak eskuratutako 1.400 metro koadroko lokalean zaintzarako espazio bat sortzeko proposamena lantzen hasi da taldea, Juntura kooperatibarekin batera egindako lan saio batean. Junturako arkitektoekin batera, espazioaren diseinuari eta erabilerei lotutako hainbat alderdi aztertu zituzten atzo Emakumeon* Etxean egindako saioan: zer nolako jarduerak garatu ahal izango diren, zein beharri erantzun beharko dien eta herriko zaintza sarearekin nola uztartu daitekeen, hain zuzen.

Bilkuraren helburua espazio horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak, erabilerak eta antolaketa aukerak aztertzea izan zen, zaintza ikuspegia erdigunean jarrita. Horrela, etorkizuneko guneak herritarren arteko harremanak, elkarlana eta komunitate sareak indartzeko tresna izan dadin nahi dute.

IMG_0056.JPG

Zaintza eredua aztertzeko lanketaren emaitza

Ekimena azken urteotan Zumaiako zaintza eredua aztertzeko egindako lanketaren jarraipena da. Prebentzio Mahaiak hainbat herritar eta eragilerekin batera hausnarketa egin du zaintzaren beharrei, erronkei eta aukerei buruz, Zumaian zaintza komunitarioago eta partekatuago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.

Hausnarketa horretan identifikatutako ildoetako bat izan da zaintza kontuan hartuko duten espazioak sortzea, herritarren topaguneak, laguntza sareak eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko. Torreagako udal espazioa aukera egokia dela iritzi diote helburu horiei erantzuteko.

Espazioa zaintzari lotutako askotariko beharretara bideratzea aurreikusten da. Lan saioan hainbat aukera aipatu zituzten, hala nola eguneko zentro bat, ludoteka bat edo aniztasun funtzionala duten pertsonentzako guneak. Era berean, gaur egun herrian sakabanatuta dauden zaintzarekin lotutako zerbitzu batzuk bertan kokatzeko aukera ere aztertu zuten, harremanak eta sinergiak sustatzeko helburuarekin.

Hemendik aurrera, proposamena zehazten joango dira, Torreagako espazioak zaintzarekin lotutako beharrei erantzun diezaien eta herritarren arteko harremanak indartzeko aukera eskaini dezan. Horretarako, Prebentzio Mahaiak espazioaren erabilerak eta ezaugarriak definitzen jarraituko du, herriko eragileen eta herritarren ekarpenak kontuan hartuta.

Prebentzio Mahaiak gidatutako prozesua

2023an zehar zaintzaren arloko lanketa gidatzeko koordinazio mahaia eratu zutuen Prebentzio Mahaiak eta Zumaiako Udalak. Koordinazio mahaia eratu ondotik, hainbat saio zabal egin zituzten 2023an zehar, Elhuyar fundazioaren bidelaguntzarekin.

Gizarte zerbitzuetako, osasun arloko eta nagusien egoitzetako ordezkari eta langileak, herriko eskoletako ordezkariak, zaintza lanetan zein boluntario moduan aritzen diren herritarrak, Nagusien Mahaiko kideak, mugimendu eta talde feministetako kideak... parte hartu dute prozesu osoan zehar, baita udal ordezkari eta teknikariak ere. Gainera, bigarren pauso garrantzitsu moduan, zaintzaren eta zaintza lanen inguruko diagnostikoa egin zuen Elhuyar fundazioak 2023an zehar, herritarrek erantzundako galdetegietan eta bestelako datuetan oinarrituta. Jardunaldi bat ere egin zuten, herrian zaintza lanen bueltan martxan dauden prozesuen berri eman, eta, eragile guztien arteko ezagutza sustatu eta sareak indartzeko.

2025ean zehar, Matia Institutuaren laguntzarekin, zaintzaren inguruko hausnarketa prozesuarekin jarraitu zuen Zumaiako Prebentzio Mahaiak. Horren baitan, herriko zaintza ekosistemaren inguruko hainbat saio egin ziren, udalerriko beharrei, dauden zerbitzuei eta etorkizuneko aukerei buruz hausnartzeko. Prozesu horren azken faseetako bat Torreagako espazioan kokatu zen, eta bertan taldean aztertu eta adostu ziren etorkizuneko gune horretan izan litezkeen erabilerak.

Zumaiako Prebentzio Mahaia, Zumaiako herritarrekin lan egiten duten herriko hainbat erakunde elkartzen dituen sarea da. Erakundeen artean helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko elkartzen da Mahaia. 2010. urtetik dago abian, eta bide horretan eboluzio handia izan du. Gai mordoa jorratu dituzte bertan eta askotariko partaideak izan ditu. Gaur egun, bertan parte hartzen duten eragileek elkar hobeto ezagutu, koordinatu eta indarrak batzen dituzte, bakoitzak bere eremutik arrisku adierazleak identifikatuta helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko.