'Mugi' zerbitzua hobetzeko neurriak zehazten ari da Udala
Azken asteotan estaldura arazoak izan ditu instalazioak eta Udalak barkamena eskatu nahi die erabiltzaileei. Joan den urteko ekainean zerbitzua martxan jarri zenetik hona, 6.814 mailegu eskaini ditu Mugik.
Mugi zerbitzuaren inguruan izandako zenbait arazo direla eta, Udalak barkamena luzatu nahi die erabiltzaileei. Izan ere, zerbitzuaren estaldurak huts egin du zenbait egunetan, batez ere Amaiako plazan eta abenduan zehar. 3G teknologiak bideratzen du zerbitzuaren estaldura eta horrekin izan dira arazoak azken egunotan. Horren aurrean, Udalak dagoeneko ardurak eskatu dituela eta zerbitzua hobetzeko neurriak zehazten ari direla azaldu du Andoni Etxaniz Ingurumen zinegotziak.
Udalak joan den urteko ekainean zerbitzua martxan jarri zuenetik gaur egunera, 6.814 mailegu eskaini ditu. Erabiltzaileak, berriz, 437 dira gaur egun; horietatik 28 adin txikikoak dira eta 48 jubilatuak.
Urria izan da mailegu gehien egin diren hilabetea, 1.665 egin dira. Iraila izan da bigarrena, 1.411 mailegurekin, eta azaroak ere mailegu kopuru zabala eskaini du, 1.034 guztira. Abenduan maileguek behera egin dute: batetik, eguraldi txarra izan da horren eragilea, eta bestetik, konektatzeko arazoek ere mailegu kopurua jaistea ekarri dute.
Hainbat hobekuntza urte berrirako
Urte berriarekin zerbitzua hobetzea da Udalaren nahia eta horretara bidean, kalitate hobeagoko bizikletak izango ditu laster Mugi zerbitzuak. Otsail hasieran ekarriko dituzte. Horrekin batera, enpresa kontratatuak ahalegina egingo du Amaiako plazako mailegu guneko arazoak behin-betirako konpontzeko. Dagoeneko aztertzen ari dira huts egitea konpontzeko neurririk egokiena zein izango den; edo beste estaldura sistema batzuetara egokitu, edota konexio gabeko sistema aplikatu, hau da, zerbitzua edozein momentutan izan erabilgarri, baina datuak estaldura dagoen momentuan igortzeko mekanismoa garatu.
Telefono bidezko inkesta
Ildo beretik, eta zerbitzua hobetzen jarraitu asmoz, enpresa kontratatuak zenbait inkesta egingo ditu datozen asteotan. Telefonoz egingo dituzte galdeketak eta Udaletik parte hartzeko eskatu nahi genieke erabiltzaileei, erantzunek zerbitzua hobetzen lagunduko dutelako.
Beste behin ere, Udalak barkamenak eskatu nahi dizkizue azken asteotan sortutako eragozpenengatik eta zerbitzua erabiltzera animatu nahi zaituzte. Epe motzean, arazo teknikoak gaindituak izango dira, bizikleta berriak egokituko dira, eta udaberria ere ate joka izango dugu. Beraz, bizikleta erabiltzeko aitzakiarik ez da faltako.



