Zu ta Gar kanpaina, lan-poltsa eta lan eskaintza zerbitzuaren kudeaketa ezagutarazteko

2014/11/19

Kanpainaren helburua da eskualdeko merkatari, ostalari eta enpresa txiki eta ertainei ezagutzera ematea Urola Kostako Udal Elkartearen lan-poltsa eta lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua.


Kanpaina zergatik eta zertarako?

 

Urola Kostako Udal Elkarteak ZU TA GAR izeneko kanpaina aurkeztu du gaur, azaroaren 18an. Aurkezpenean parte hartu dute Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak, Olaia Sainz lan-eskaintzak kudeatzen dituen zerbitzuko teknikariak eta kanpaina bideratzen ari diren teknikariak, Jaione Aizpurua eta Ane Azkuek.

 

Kanpainaren leloa da: “Zu ta gu dana emanda! Ezagutu gure lan-poltsa eta kontratatu langileak!”

 

Kanpainaren helburua da eskualdeko merkatari, ostalari eta enpresa txiki eta ertainei ezagutzera ematea Urola Kostako Udal Elkartearen lan-poltsa eta lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua.

 

Udal Elkarteak ahalegin berezia egin nahi du eskualdeko enpresa txikiei, merkatariei eta ostalariei lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua ezagutzera emateko. Izan ere, ohartu gara zerbitzu hori ez dutela enpresa txiki askok ezagutzen. Hori konpontzeko kanpaina hau antolatu du Udal Elkarteak, hainbat euskarri izango dituena. Euskarriak euskarri, kanpainaren oinarri nagusia izango da zerbitzuaren hartzaile eta erabiltzaileengana hurbiltzea eta zerbitzua aurkeztea.

 

Kanpainaren iraupena hilabetekoa izango da.

 

Zertan datza zerbitzua

 

Eskualdeko enpresa txiki batek (merkataria, ostalaria, zerbitzu enpresa, industria sektoreko enpresa…) langile bat behar badu, Udal Elkartearekin harremanetan jarri eta lan-eskaintza egiten du. Lanpostuaren profila zehaztu eta zehaztu ondoren, Udal Elkartearen lan-poltsan dauden hautagaiak aztertzen ditugu eta horietatik eskatutako profila ondoen betetzen duten hautagaien zerrenda eta CVak bidaltzen dizkiogu enpresari.

 

Zerbitzua doakoa da enpresentzat, azkarra da eta eraginkorra. Udal Elkarteak bere lan-poltsa kudeatzen du. Lan-poltsa horretan une honetan 1.309 pertsona daude izena emanda (internetez eman daiteke izena). Horietatik 1.063 eskualdekoak dira (Aiakoak 45, Getariakoak 57, Oriokoak 115, Zarauzkoak 599 eta Zumaiakoak 247).

 

Lan-poltsa horretan kualifikazio eta esperientzia maila askotariko pertsonak daude (zuzendariak, nazioarteko esperientzia duten pertsonak, teknikariak, peoiak…), lanbide ugaritan esperientzia dutenak eta eskualdeko enpresen beharrei ondo erantzun diezaieketenak.

 

Kanpainaren euskarriak eta ekimenak

 

Zerbitzua ezagutzera emateko honako euskarri eta jarduerak burutuko dira:

 

·       Bilerak eta aurkezpenak merkatari eta ostalari elkarteekin zerbitzua ezagutzera emateko

 

·       Bilerak eta aurkezpenak gestoria eta bitartekotza zerbitzuei

 

·       Kartelak eta esku-orriak

 

·       Bideoa: bideo bat egin da, zerbitzua erabili duten pertsona eta enpresekin, beren iritzi eta esperientzia jasotzeko

 

·       Sare sozialetan kanpaina: ahalegin berezia egingo dugu kanpaina sare sozialetan lantzeko

 

·       Bideo hitzaldiak, herriz herri: hitzaldiak egingo ditugu bost herrietan, bideoa aurkeztu eta lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua zertan den zuzenean azaltzeko. Aurkezpen horietara zerbitzuko teknikariak joango dira, enpresa txiki, merkatari eta ostalariei zerbitzuaren azalpen orokorra egin eta dituzten zalantza zehatzak argitzeko. Hitzaldiak eguerdian izango dira, herriguneetan, merkatari eta ostalarien parte hartzea errazteko. Hona hemen egun, ordu eta lekuak:

o   Zumaia: azaroak 26, 13:30, Oxford aretoa

o   Orio: azaroak 27, 13:30. Salatxo aretoa

o   Zarautz: abenduak 2, 13:30, Etxezabala

o   Aia: abenduak 3, 13:30, Kultur Etxea

o   Getaria: abenduak 4, 13:30, Alondegia