Zumaia “Smartcity” hiri adimentsuaren bidean pausoak ematen ari da

2019/05/22

Orain aste batzuk LED argiak jartzeko hasi ziren lanek, argiteria publikoan eraginkortasun energetikoa areagotzeaz gain, beste hainbat aukera ematen dituzte “Smartcity” edo hiri adimentsua izateko bidean urratsak egiteko.

Zumaiako argiteria publikoan LED teknologiako argiak jartzeko lanak apirileko lehen egunetan hasi ziren. Dagoeneko iragarri den bezala, herriko argiterian 841 argi ordezkatuko dira, gutxiago kontsumitzen duten eta, ondorioz, gutxiago kutsatzen duten LED argiak jarrita, elektrizitate gastuan %77 aurreztuz eta urtean 421.569 KWh gutxiago kontsumitzeaz gain, 166,57 Tn CO2 gutxiago isuriz.

Baina martxan dauden lan horien abantailak harago doaz, izan ere, “Smartcity” edo hiri adimentsuaren bidean urratsak egitea ahalbidetzen baitute. Argiak aldatzeaz gain,  12 koadrotan egiten ari dira aldaketak eta argiztapena telematikoki puntuz puntu erregulatzea ahalbidetzeaz gain, beste aukera batzuk ere ematen dituzte instalazio berriek. Ondorengoak dira instalazio berriek ematen dituzten aukera nabarmenenak:

  • Sentsorizazioa: sentsoreen bitartez populazioaren dentsitate eremuak azter daitezke, herriko zein zonalde diren biztanle/ibilgailu mugimendu eta dentsitate gehien dutenak.
  • Informazio puntuak (panelak): denbora errealeko informazioarekin, garraioak (hurrengo trena edo autobusa zein ordutan izango den...), kale mozketa abisuak, arrisku zibileko abisuak, herriko ekitaldi kulturalak…
  • Etorkizuneko 5G sarearen hedapenarekin, internet puntu irekiak herriko hainbat zonaldetan.
  • Segurtasuna: puntu beltzetan segurtasun kamerak jartzeko aukera.

IDAEk (Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía) 0 interesean Udalari emandako maileguaren bidez ordainduko diren lan horiek, 6 urtetan amortizatuta egotea aurreikusten da, alegia, energia gutxiago kontsumitzeak 6 urtetan sortutako aurrezkia lanen kostuaren adinakoa izango da eta hortik aurrerako aurrezkia eta instalazio berriek ematen dituzten aukera berriak Zumaiaren eta zumaiarren onurarako izango dira.