Zumaia eta Donostia arteko tren zerbitzua hobetu dezala eskatu dio Udalak Jaurlaritzari
Apirileko ohiko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioaren bitartez, eskatu dute Zumaia eta Donostia arteko tren zerbitzuan 30 minutuko maiztasuna ezarri dezalatela aste osoan eta urte osoan, horretarako beharrezko langile kontratazioak eginez.
Beste zenbait aztergairen artean, mozio baten inguruan aritu ziren apirileko ohiko osoko bilkuran. Aho batez onartu zen mozioa, eta haren bidez, Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hobetu dezala Zumaia eta Donostia lotzen dituen tren zerbitzua.
Gaur egun, Zumaia eta Donostia arteko tren zerbitzua E1 lineako bi ibilbidek osatzen dute (Bilbo-Donostia eta Zumaia-Donostia). Lanegunetan urte osoan 30 minutuko maiztasuna bermatzen bada ere, asteburuetan eskaintza murritzagoa da: neguan ordubetekoa, eta udan soilik arratsaldetan eskaintzen da 30 minuturo.
Azken urteotan, bidaiarien kopurua nabarmen handitu da, eta horrek trenen saturazioa eragin du, batez ere udaberritik aurrera. Egoera honek kalteak sortzen dizkie bai langileei, bai erabiltzaileei —bereziki adinekoei eta mugikortasun urriko pertsonei—, eta pilaketa larriak ere gertatu izan dira.
Egungo joerek erakusten dute garraio publikoaren erabilerak gora egingo duela urte osoan, turismoaren eta mugikortasun ohituren aldaketaren ondorioz. Horren aurrean, premiazkoa da zerbitzua egokitzea.
Horregatik, proposatzen da Zumaia eta Donostia arteko tren zerbitzuan 30 minutuko maiztasuna ezartzea aste osoan eta urte osoan, beharrezko langileak kontratatuta, kostaldeko linearen zerbitzua nabarmen hobetzeko.



